Asko dira bizitza osoa musikari eskaini diotenak eta hala ere guztiz ezezagunak direnak. Jamaikar musikan asko dira horren adibideak, eta horien artean, Roy Ellisena da esanguratsuenetakoa. Jamaikar gazte asko bezala, 10 urte zituenean hasi zen eliz giroan abesten, Kingston hiriburuko Baptist Church delako elizan. 60. hamarkadan, Symarip taldearekin kaleratutako Skinheads Moonstomp diskoari esker ezagun egin zen nazioartean, Ingalaterran bereziki. Disko horren zazpi milioi ale saldu zituzten eta reggae-ska musikaren historian gehien saldu diren diskoen artean kokatu daiteke. Arrakasta horri esker Laurel Aitken edota Eddie Grant bezalako abeslariekin lan egiteko aukera izan zuen 60-70. hamarkadetan. 1980an, Suitzara joan zen bizitzera eta bertan soul eta gospel estiloak landu ditu gehien bat. Europan zehar jiran ibilitako izen handiko abeslariekin (Tina Turner, Phil Collins, Cellin Dion, e.a.) lan egin du eta orain, reggae mundura itzultzea erabaki du. Suitza, Alemania, AEB, Ingalaterra eta Bartzelonako reggae-ska taldeekin aritu da kontzertuak emanez eta disko berria kaleratu berri du. Bertan, jamaikar musikaren estilo desberdinak entzun daitezke, guztiak soul eta gospel ahotsez igurtzirik.