Diskoaren azala
Ez dakigu aurrean zer edo zer egongo den, baina Belako taldeak den-dena aurretik duela argi dago. Bidean, urte hasieran kaleratu zuten Hamen diskoa bezalako laginak uzten ari dira. Eta gu pozik. Disko ederrak baitira orain arte kaleratu dituztenak, taldea jarraitzen dugunok konpultsiboki entzuten ditugu gure eskuetara heldu eta berehala. Aurreko lanen ildoa jarraituz eta paraje berrietan barrena murgilduz, 12 abestiz osatutako lana kaleratu dute. Bertan, aurreko bi EP zoragarrietan argitaratutako
Mum, Crime eta Monster abestiekin batera,
Off your shoes, Nomad eta
Track sei bezalako abestitzarrak aurkituko ditugu. Baita Nina Simone-ren
Sinnerman abestiaren bertsio ederra ere. Batzuetan azeleragailua zapalduz, bestetan tempoa motelduz eta kobazuloan barrena sartuz, arimaren txoko ezkutuak urratzeko asmoz, baina beti ere energiaz beterik ekoitzi dituzte abestiak. Zuzenean bikain defendatzen dituzte batzuk zein besteak, ikuskizun basatiak eskainiz. Mugarik ez dutela pentsatzen hasiak gara.