Ez dio inori ihes egingo nola azkenaldian rock prentsak zigortzen gaituen indigestioa sorrarazteraino. Poparen eta rockaren balio berrietaz ari gara, jainkoak bailiran gurtuak, goiz edo berandu arrastorik utzi gabe desagertuko diren taldeak eta, beti ere, gehiegi puztuak izan direnak. Horietako talde gehienak udako festibalen bazka dira, hau da, kontsumo azkarrekoak. Eta hitzalditxo honek zer helburu dauka? Bada, aderantzikoa iduri lezakeen arren, Arcade fire kanadiarren disko berria gorputz eta arimaz defendatzeko. Jada beren lehen diskoarekin, Funeral, aho bete hortz utzi gintuzten gutariko asko. Seikoteak aipatutako hype uholde horren barnean koka dezakegu, baina talde garaikide asko ez bezala, ez dira bigarren LP-arekin erretzen. John Kennedy Toole idazlearen lehen lanaren titula hartuta, beren ezkortasun sorrarekin segitzen dute, overdubez, konponketa instrumentalez eta ahots zerutiarrez beteta. Ahots hauek goiaingeruek kantatuak dirudite. Hunkitzera heltzen dira, gaur egun oso arraroa den gauza.