entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


Hemen zaude -> Kritikak / Diskoak
| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Diskoak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Sagardantza 2014-06-30

Hil orduko bizi Arkada Social

Punk CD
Hil orduko bizi diskoaren azala. Hil orduko bizi diskoaren azala.
Punkaren beteranoak ditugu Arkada Social. "Made in Arrasate"-ko street punk eszenaren baitako talderik sendoenetako bat. Eskuz banakako pilotariak bezala, jo handiko taldea da. Urte asko iragan dira hasi zirenetik (1997), urte asko desegin aurretik azken kontzertua eman zutenetik (2006) eta urte gutxi batzuk berriz elkartu direnetik (2012). Ezinbestez aldatu dira, baina euren jatorriei fidel segitzen dute. Hil orduko bizi taldearen azken diskoak, hala ematen du aditzera: gogoz ematen dute egurra bildu dituzten hamaika kantuetan, eta ofizioa ez ezik, indarra eta kolpea duen lana sinatu dute. Oinarri erritmiko indartsu baten gainean, abeslariaren ahots urratua eta oldarkorra doitasunez txertatzen da konposizio bikainetan. Hala ere, oi! deritzon azpigeneroaren esparrua gainditzen duen diskoa da Hil orduko bizi hau. Lagunen artean kantatzeko leloak ez dira falta, noski, baina abestien abiadura azkar xamarretik hasita, kantuen detaile eta konponketa landuetaraino, harago doan lana da zalantza izpirik gabe.

Eta letrak? Zeri buruz mintzo dira arrasatearrak?
Esperientziak eta denboraren iraganak ematen duten galbahetik pasatutako adiskidetasuna eta harremanak dituzte hizpide (Agur lagun, Seguiremos juntos), besteek egingo dutenaren zain ez egoteko animatzen dute (Eguna argitu da), bizitzaren oztopoen aurrean adoretzeko deia egiten dute (Hil orduko bizi), gaur egungo lapur gorbatadunak dituzte jo puntuan (Hoy nos roban), "argazkietan ez ditugu nahi" ohiukatzen dute (Ez gaude denok) edota poliziaren kontra oldartzen dira (Miles de cadaveres).
Euskaraz sei kantu jaso dituzte, eta gaztelaniaz, bost. Arkada Socialek ez ditu uzten kanturik flojoenak gure hizkuntzan emateko. Aitzitik, hau sinatzen duenarentzat gehiago gustatu zaizkio, oro har, euskaraz egin dituztenak.

Tira, punk disko borobil, indartsu eta oldarkorra da Hil orduko bizi, baina aldi berean bizitzari buruzko gogoeta interesgarriak dakartzana, are gehiago, aurrera tinko segitzeko mezu positiboa gailentzen da. Eta horixe espero dugu ere Arkadari dagokionean, oztopoak gaindituz aurrera segi dezaten.
bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.