Zale guztiak lur jota edo aho bete hortz (kasuaren arabera) utzi zituen
El Drogasen eta Barricadaren arteko dibortzioak. Hemendik aurrera, ezer
ez da berdina izanen, baina harriak ez dio jiratzeari utzi eta, antza,
goroldioa ere ez zaio itsatsiko.
Denbora tarte honetan, Enrique
Villarrealek Txarrena izena alboratu eta El Drogas proiektuari bide eman
dio (egunotan disko berria prestatzen ari da) eta Barricadak bi disko
argitaratu ditu, biak ala biak 2012an: Flechas cardinales lan luzea
(lehendabizikoa El Drogas gabe) eta Bide luzea dugu egiteko/Quedan
caminos por recorrer (Antsoainen irailaren 27 eta 28an zuzenean grabatua
eta urte bukaeran argia ikusi zuena). Alfredo, Boni eta Ibirekin
elkartu gara El Sotano estudioetan. Solasaldi atsegina izan dugu
haiekin.
Nola heldu diozue El Drogas gabeko etapa berri honi? Alfredo (A):
Bueno, hainbatetan aipatu izan dugu: bizitzak buelta asko ematen ditu,
sorpresak ematen dizkizu, eta horiei aurpegi eman eta aurrera egitea
beste erremediorik ez dago. Abestiak egitera ohituta gaude, etengabe lanean aritzea gustatzen zaigu, ze gero holako zerbait
gertatzen zaizu eta lana egina dagoela harrapatzen zaitu. Zorionez,
gogoz geundela gertatu zen hau. Pentsatu genuen urte asko generamatzala
istorio honetan eta oraindik gauza asko genituela esateko eta ilusioa
eta gogoak zeudela. Eta taldearekin eta abestiekin aurrera segitu
genuen.
Barricada oso momentu gozoa bizitzen ari zen haustura gertatu zenean... A: Bai. Egia esateko, Barricadaren historia beti izan da
gorabeheratsua, bueno, edozein rock talderena. Izan ere,
urte askotan rock talde batean egon nahi duena edo horretarako
prestatzen da edo zuzenean asmo hori zapuztuko zaio. Orduan, bai,
momentu gozoan geundela etorri zen. Urte batzuetatik hona zetorren
bolada ona, La Ara