2014ko Gureandoinu zerrendaren azala.
Zenbat disko argitaratu ziren iaz gurean? Zenbat euskaraz? Eta
horietatik zenbat izan ziren autoekoizpenak? Ze formatu gailendu zen? Estilo nagusitasunik izan al zen?
Urtero
Harrobia Lantzen ekimenak eta
Entzun! aldizkariak elkarlanean argitaratzen dugun
Gureandoinu zerrendak ez dizkigu sorpresarik ekarri: ez da aldaketa nabarmenik izan aurreko urtearekin alderatuta. Akaso,
euskararen nagusitasuna da daturik nabarmenena, argitaratu ziren
diskoen erdia gure hizkuntza zaharrean abestuak izan zirelako, gaztelania, ingelesa eta gainerako hizkuntzei (banaka hartuta) aurrea hartuz.
Argitalpen kopuruari erreparatzen badiogu, aldaketa gutxi izan ziren ere: Euskal Herriko talde eta artistek
304 disko argitaratu zituzten iaz (2013an 290 lan inguru izan ziren). Beste behin ere, askotariko musika proposamenen oreka mantendu zen, rock askorekin, tronpeta batzuekin eta eredu arriskatu zein berritzaile hainbatekin. Horiek ere, euskaldunak izan ziren.
Formatuei dagokienez, aurreko urteetako tendentzia mantendu zen 2014an, eta aurtoekoizpenak izan ziren beste behin ere, argitalpenen errege-erreginak.
ZER DA GUREANDOINU?
Harrobia Lantzen eta Entzun!en arteko elkarlana da Gureandoinu
egitasmoa. 2006an hasi ginen urteko argitalpenen zerrenda osatzen eta
2010ean Gureandoinu txostenean gorpuztu zen, Inaxio Esnaolak urtez urte
bildutako datuekin.
Gureandoinu zerrendarekin, urtez urte
Euskal Herrian argitaratzen diren diskoen berri eman nahi dugu, baina
analisirako tresna bat eskaini nahi dugu ere, gure musikagintzaren
eboluzioa aztertzeko eta horren gainean gogoeta egiteko.