Gnod 2007an sortu zen, arte garaikideko
kolektibo baten moduan hasiera batean, eta hainbat mutazio eta partaide
aldaketen ondoren, lau kideko rock (zentzurik askeenean) talde egonkor baten itxura hartu du azkenaldi
honetan. Ihazko Infinty Machines eta aurtengo Mirror diskoak laukote honek
plazaratu ditu; osagarri musikal antzekoko bi disko eta, aldi berean, bata
bestearen ifrentzua bailiran, planteamendu erabat ezberdineko bi artelan.
Infinity Machines eta Mirror
Infinity Machines 109 minutuko zabalerako soinu paisai erraldoi bat da. Ekaitz zaratatsuak han hemenka sakabanatuta eta aldenduta daude ehundura leun eta toxikoko larre eta mendilerro infinitoen gainean. Mirror ordea, 40 minutu eskaseko ekaitz ia etengabea da eta aterperik ezean euri azidoak entzulearen larruazala kiskaltzen du, nahitaez. Infinity Machines-ek Sun Raren bidai kosmiko baten itxura baldin badu, Mirror-ek Skullflower-en basakeriaz hozka egiten du.
Mirror disko berria da Matadeixen aurkeztuko dutena. Horregatik bihurtu dugu iruzkin honen protagonista. Baina Infinity Machines-en aipamena ezinbestekoa dela uste dut. Alde batetik, taldearen irismen zabala goraipatzeko eta, bestetik, hein batean behintzat, bata bestearekiko erreakzio moduan sortu dela erakusteko.
Hala, Infinity Machines bere barnean bizitzera gonbidatzen zintuen unibertso liluragarria izan zitekeen, baina luzera itogarria suertatu zitekeen. Gainera, gailur horretatik aurrera, nora jo zezakeen taldeak? Zalantza horren aurrean, Gnod-ekoek musika hanpatzen eta hustutzen jarraitzeko arriskua sumatu dute eta, horrexegatik, jarrera eta kontzeptu aldetik punk zaplasteko bat eman nahi izan diote bere musikari. Era horretan, Mirror, Gnod-en osagarri industrial, psikodeliko, zaratatsu eta pozoingarriez eratutako edabe ultrakonzentratu baten moduan jaso daiteke. 40 minutu horiei erabat tolestutako eskusoinu baten itxura hartzen baitiet, behin barnean zaudenean denboraren pertzepzioa malgutu eta eskusoinua bezala zabaltzen hasten dela iruditzen baitzait. Halakoxea da talde miragarri honen botere hipnotikoa.
Gnod, Wire eta Van Der Graaf Generator-en arteko nahasketa bat bezala deskribatu dute batzuek, edo Swans taldeak bere ohiko ankertasunez PIL-en Metal Box bertsionatuko balu bezala. Egokiak iruditzen zaizkit biak, baina nik Akauzazterekiko parekotasuna gehitu nahi nuke. Sentsibiltatez, izaeraz eta jarreraz antzeko talde miragarriak iruditzen zaizkit. Gauza bera pentsatuko ote dute Matadeixeko paretek?