entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Kronika Zuzenak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Urko Ansa 2012-12-15

Leidor Antzokia (Tolosa) Benito Lertxundi

Benito Lertxundi. Argazkia: Urko Ansa. Benito Lertxundi. Argazkia: Urko Ansa.
Azkenik iritsi da momentua: uda aurreko kontzertuak bertan behera utzi ondoren, Benito Lertxundi hitza bete eta zintzilik gelditu diren emanaldi guztiak egiten ari da. Leidor aretoa gainezka dago (sarrerak, noski, aspaldi agortuta daude) eta ikusle guztiak bere lekuan daude. Guztiak? Ez horixe! Kronika hau idatzi behar duen tipoa (ni neu) oraindik korridoreetan dabil. Dena den, lehen kanta kanpotik entzun du eta abesti honen erdian sartu da aretora. Hemendik aurrerakoa urteko momenturik onenen artean sartuko du, zalantzarik gabe.

Kontzertuaren planteamendua benetan ausarta da: Benitok, azken urteetan abesti berriei ematen dien garrantzia begi bistakoa izanagatik, oraingoan haratago doa: azken disko osoa, hasieratik bukaerara joko du. Ondoren etorriko dira abesti zaharragoak, baita hain zaharrak ez diren klasiko berriak ere. Baina goazen pixkanaka. Oroimenaren oraina (azken diskoa) entzun duzuenok badakizue zertaz ari naizen: abestiak leunki pasatzen doaz, halako aire arin bat bailiran, konturatzen zarenerako mundu horretan murgildurik aurkitzen zarenean. Gu bizi bezainbat, Nintzenaz oroitzean, Nor da erromesa, Laket dut, Suaren bila... halako prestaketa izpiritual baten modura ulertzen ditut, giroan sartzen zaituzten nota eta bertso ederrek bultzatuta. Damua iristen denean (Tolosan diskoaren ordena hautsi eta Suaren bila baino lehen jo zuela uste dut), dena forma hartzen ariko balitz bezala sentitzen duzu, eta Marruz olak hirian hunkigarriarekin (Olatzen maniuraren sarrera antologiko horietako batek bultzatua) etortzen da halako eztanda bat, pilatutako sentsazio guztien osaketa balitz bezala.
Baina oraindik gehiago daukagu zain: Zuhaitzen denborak Benitoren melodia goxo eta eder horietako bat dauka. Kirmen Uriberen testu baten gainean osatua, disko honetako gailurretako bat da. Basarte honetan, aurreko diskoaren nortasunarekin lotura gehien duen abestiak, edertasun eta sakontasun ia mingarria ematen digu, bi ahotsetan egindako errepika gogoangarriak lagundurik. Eta diskoaren zuzeneko aurkezpen honen amaieran, Irail tristea, berriz ere Olatzen maniurarekin hasten dena. Abestia hasi bezain pronto errenditzen gara, hainbeste sentsazio intentsuen aurrean.
 
Lehenengo zati hau izan da serioena, zehatzena eta, ikuslegoari erreparatu ezkero, isilena. Esan beharra dago talde osoa guztiz kontzentraturik zegoela eta disko berri bat oso osorik aurkeztea apustu benetan arriskatua dela. Hainbatek oraindik ezagutuko ez duen diskoa. Benito serio egon da, nahiz eta oso dotoreki kantatu duen; musikan guztiz sartua ikusi dut, ia postura hieratikoan. Bestalde, lehen zati honetan Olatzen alboan neskatila gazte bat egon da koroak egiten, Orioko Ihintza Unanue. Hauxe izan da sorpresarik handiena, seguru aski, eta bere lana bikain bete du, abesti berriek eskatzen dituzten (gutxieneko) hiru ahotsak osatuaz. Azkenik, esan behar dut diskoan maniurarekin hasten den abestiren bat (orain gogoratzen ez dudana) gaur pianoarekin hasi dutela.

Lehenengo set hau amaituta, gainontzeko errepertoriora jotzeko momentua da: Instrumental dotore batekin hasi dira, Olatzen maniuraren sarreraren ondoren arrabita soloa eta jarraian banda osoa sartu da garapen instrumental bikainean. Hau amaitzean, Baldorbaren sarrerako notek lehen oihuak ekarri dituzte: abesti honek ez du inoiz hutsik egiten! Gaueko bigarren instrumentalaren txanda da orain: Angel Unzuk gitarra soloa perkusioarekin nahastu du, eskuekin gitarrari ematen dizkion kolpetxoekin alegia: ikuskizuna sekulakoa da. Joxe Mari Irastorzaren txirulak notarik garaienak eta ederrenak harrapatu ondoren banda guztia sartzen da berriz, soinu orgia harrigarrian. Itsasoari begira pantailetako ohiko irudiek lagunduta datorkigu: kaioak arroketan, olatuei beldurrik gabe, gu melodia hura txistuka jotzen ari garen bitartean. Udazken koloretanek ikuslerik lasaiena ere hunkitu du. Beste instrumental baten momentua da (arraioa, instrumental hauek entzuteagatik bakarrik merezi du honaino etortzea!): Kutxo Otxoa de Eriberen arrabita, ondoren Olatzen teklak eta Pello Ramirezen txeloa gehituta, bitartean pantailan biolin jole eta txelo jolearen itzalak txunditzen gaituztelarik. Kaixo ardizainen Benitok oso eroso egoten jarraitzen du, leunki baina boteretsuki kantatuaz. Eta Orbaizetako Arma Olaren kantuarekin, melodia eta hitz iradokitzaile haien menpe, Arma Olaren oinetan sentitzen gara, fabrika izandakoaren irudiek esperientzia eterno batera garraiatzen baikaituzte. Benitok esan zidana gogoratzen dut: "Momentu bakoitza oraina da, eta eternoa". Instrumental bat gehiago, eta oraindik beste bat ere, Oro irri
bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.