entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Kronika Zuzenak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Urko Ansa 2013ko martxoaren 8a

Kurtzeberriko Kantxa (Aretxabaleta) Kokein + On

On taldeko Itsaso topera. Argazkia: Urko Ansa. On taldeko Itsaso topera. Argazkia: Urko Ansa.
Emakume langilearen eguna ospatzeko ideiarik onenetako bat iruditu zitzaidan kontzertu hauxe: talde bakoitzeko emakume bakarra ikusi genuen arren, hauen presentzia eta indarra erabatekoa baita. Bi talde ezberdin, bi talde zoragarri. Itxaso batean eta Zaloa bestean. Ez nuke, haatik, gizonezkoei batere meriturik kendu nahi, baina emakumearen eguna zen eta...


Aparteko hotza eta ia hutsik zegoen plaza baten aurrean, On taldearen momentua iritsi zen. Itsaso Gutierrez, euskal rock and rollean ibilbide luzea duen kantari eta gitarra joleak, adore eta kuraiaz beterik bere taldea osatu eta aurrera egin du; pausoz pausu, indarrez indar, zutabe berriak eraikitzen hasi da. Jauko Barik, Keike eta Xarmarekin era guzietako eszenatokietan borrokatu eta gero, plazan bildutako jende urriak ez zuen kokilduko, ez horixe. Hamar bat pertsona eta hiruzpalau koadrila ez dira, ez, gau hartan bildutako artistek merezi zuten harrera, gehiago oraindik kontzertua musutruk zela kontuan hartzen badugu. Baina, esan bezala, gitarra entxufatu eta badator Itxaso, Denisek (atabalak) eta Ibaik (baxua) lagunduta. Kuriosoa, benetan, neska gitarra-jole, kantari eta konposatzailea (liderra azken batean) eta atzean mutilez osatutako banda izatea: ez dira horrelako adibide asko egongo. Diskoaren aniztasuna bistan geratu zen; On eta Erresistentzia bezalako torpedo azeleratuek punk-rockera eraman gintuzten: bi abestien bultzada erabatekoa da. Etsitzen zaitu-ren oinarria heavy rocka dela esango nuke, eta Agian, Irudia eta Haragitan ederrak dira, non oso gailur altuak harrapatzen dituzten, letra gordin, sakon eta melodia hunkigarriek bultzatuta. Hirukotea dena ematen zegoen oholtza gainean, behekoari jaramon askorik egin gabe eta emanaldia aurrera ateratzen. Argazkilariontzat ia ezinezkoa izan zen flashik gabe ibiltzea, argiztapen eskasaren erruz. Fokuak gu argiztatzen ari ziren, taldea egin beharrean, eta ikuslegoa itsutu egiten zuen. Musikarien aurpegiak ez nituen ikusi argazkiak ateratzera berta-bertara hurbildu arte. Arazo horiek Kokein-en emanaldira arte ez ziren konpondu.
Dena den, hirukoteak dena eman zuen oholtza gainean, behekoari jaramon askorik egin gabe eta emanaldia aurrera ateratzen. Ezingo nioke beste akatsik topatu On-en kontzertuari: nola kexatu, Zu bezalako artelan baten aurrean, eta nola ez gozatu, Oraina eta Oroitzapenetan-ekin? Ibai baxuarekin gero eta solteago ikusi nuen eta Itsaso, irudia eta antzeko bigarren mailako gauzez arduratzen ez den taula gaineko animalia, jarrera eta kemenaren adibidea da. Aurrerantzean ere gertutik jarraituko dugu, bestalde, areto batean eta, nola ez, jaialdi handietan asko eman dezakeen hirukotea.



Eta, itxaronaldi luzerik gabe, niretzat momentuko taldea dena, Eibartik zuzenean: Kokein. Pasa den urteko diskorik onena argitaratu zuten, Izan bikaina. Iraganean askotan ikusi nituen arren, urte batzuk neramatzan zuzenean ikusi gabe, eta benetan merezi izan zuen Aretxabaletaraino hurbiltzeak: nire ustez taldea bere momentu onenean dago. Urte guzi hauetan hartu dituzten armak eztanda egin dute; sustraiak oso sakonak dira eta Zaloak, bere erregistro anitzeko ahots-jario konpara ezinari sekulako karisma eta sentimena gehitzen dizkio. Gozatzen ikus dezakegu, ahots goxo eta kristalinoa orain, rock and roll oihu basatia gero; eta bere mugimendu sentsual eta erritmikoekin taularen erregina bihurtzen da lehen momentutik. Ikerren riffak eta posturek, Jatsuren baxu dotoreak eta Haritz Leteren atabal kolpe basatiek konbinazio perfektua osatzen dute. Haritz ere biziki gozatzen nabaritu genuen. Cobra-ko abeslari modura ikustera ohitu zaretenoi kuriosoa egingo zaizue danborren atzean ikustea. Zorionez, disko berriari errepaso ederra eman zioten: Aske eta Banpiroen guda dinamita hutsa dira, sentimendurik sakonenak azaleratzen abilezia berezia hartu dutela ikustera naramana. Berriz ere, barru-barruko letra hauek Zaloaren ahotsean beste dimentsio bat hartzen dute, eta zaila egiten da emozioari eustea. Ez, ez duzu hemen azaleko sentiberatasun merke bat aurkituko, benetako barne hausnarketa bat baizik. Horrek, eta kalitate musikal izugarriak egiten ditu ezberdin. Azken lanarekin jarraituz, Bidaia I, Iraultza oilategian eta Izan liteke ildo horretatik doaz, beti ere rock gogorraren trinkotasunaren barnean. Elkar badugu-n, gainera, gitarra solo dotoreaz gozatu ahal izan genuen. Beste diskoetako piezak ere egon ziren, hala nola lehen diskoko Zutaz oroitzen, Lotuta egon arren-eko Berrehun gezur, eta kontzertua amaitu zuen Hormaren kontra, Mundu margotu berri bat lanekoa. Diskoan eta taula gainean daukaten maila ikusita, ospe askozaz ere handiagoa merezi dutela gutxi esatea da.



Eta honelakoxea izan zen gaua: egia esan, kontzertu nahiko motzak izan ziren, baina artistek dena eman zuten. Ez nituzke inola ere On eta Kokein taldeak berriz ikusteko aukerak pasatzen utziko. Aukera izan ezkero bi aldiz ez pentsatu, damutuko zarete bestela!
                                           
bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.