entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Ion Etxebarria Kortabarria 2012-10-08

Kokein

Kokein izan. Kokein izan.
Lotura erlazionatuak
Ez dira jaialdi handietako protagonista izaten, baina gurean dugun talde heldu eta berezienetako bat da talde eibartarra. Rocka bere alderdi zabalenetik ulertuta, taldearen disko pertsonalena kaleratu dutela esango nuke. Eta horretan, zer ikusia izango du boskoteak lehen aldiz autoekoizpenaren aldeko hautua egin izanaz. Izan lan berria LP formatuan eta Internet bidezko deskarga librean dago eskuragarri. Egun taldea zertan dabilen ezagutzeko Haritz Lete bateria-gizonarengana zuzendu gara.


Urte luzean diskorik kaleratu gabe egon zarete. Zuen aurreko lana, Mundu margotu berri bat 2007an kaleratu zenuten. Zergatik horrelako isilunea?
Ez dago arrazoi berezirik. Abestiak lantzen joan gara gutxika-gutxika eta diskoa grabatzeko kantu sorta izan dugunean erabaki dugu diskoa kaleratzea. Agian, aurreko lanetan baino lasaiago hartu dugu. Baina, zerbait naturala izan da, ez diogu entseatzeari utzi inoiz. Zuzenean ia 2011. urtera arte aritu ginen.

Gustura zaudete zuen lan berriarekin?
Ezetz esango bagenu ez luke zentzu askorik izango ezta? Kar, kar, kar. Bai, oso pozik gaude Izanekin. Taldea beste era batera sumatzen dela esan digute, ezberdin baina betiko nortasuna galdu gabe. Eta hori, garrantzitsua dela uste dugu. Lan honetan orain arte sakondu ez ditugun estiloetan murgildu gara eta horrek Kokein beste ikuspegi batetik ikustera laguntzen du. Gainera, puntu honetan oso gustura sentitzen gara.

Ulertua dut zu zeu arduratu zarela diskoaren grabaketaz.
Mundu Margotu Berri Bat diskoan teknikoki eskua sartzen hasteko aukera izan nuen Xanperekin elkarlanean. Oraingoan ordea, taldekideei nik egitea proposatu nien gogoz nengoelako eta niretzat erronka bat zelako. Eurek baietz esan zidaten eta aurrera! Taldearen grabaketaz Kaki Arkarazo arduratu zen. Eta nik ahotsak grabatu eta nahasketak egin nituen. Martxel Arkarazok berriz, mastering-ean lagundu zidan.

CD formatua atzean utzi duzue. Izan era librean deskargatu daiteke zuen web orrialdetik. Eta binilo formatuan ere aurki izango da eskuragarri. Zergatik erabaki hori?
CD-a laster hilko delakoan gaude. Jende gehienak CD eduki arren, beti ere ordenagailura, erreproduktore eta telefonoetara pasatzen ditu kantuok eta horregatik jarri dugu deskargatzeko moduan. Deskargatzen duenak laguntza ere eman diezaioke taldeari nahi duen ekarpena eginez. Horrela, taldea eta entzulearen artean ez dago bitartekaririk, merkea da... Gauza positibo asko ikusten dizkiogu.
Eta biniloa gure kontu bat izan da. Beti nahi izan dugu binilozko edizio bat egitea eta aukera ona iruditu zitzaigun. Modu horretan gure jarraitzaileek zerbait fisikoa eta berezia izan dezakete, beraiek edukitzea nahi dugun zerbait izango dute.

Zuen aurreko diskoak Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin kaleratu dituzue. Izan lana berriz, zuen kabuz. Autoekoizpena zuen hautua edota bizi dugun egoerak bultzatutako zerbait izan da?
Gure hautua izan da hasiera hasieratik. Diskoa nola egin planteatzen ari ginela, guk egin genezakeen lana zela pentsatu genuen nahiz eta guri esfortzu handiagoa suposatu. Egoerak ere agian horrelako erabaki bat hartzera bideratu gaitu, musika mundua azken urteetan aztoratu xamar dabilelako eta zein norabide hartuko duen oraindik argi ez daukagulako. Gure erabakia da, ez dakigu ongi edo gaizki egiten ari garen, baina aurrera egingo dugula badakigu. Asko sinisten dugu sinisten dugun gutxian!

Taldekide batzuk bestelako proiektuetan ere murgilduta daude (Cobra, PAM, ...). Nola konpondu ohi zarete agendak lotzeko (entsegu, kontzertu, ...)?
Kokein-ekin ez daukagu arazo handirik egun finkoak ditugulako entseatzeko. Beste proiektuek dituzte arazo gehiago egia esan. Bakoitzak baditu bere konpromisoak, baina gutxitan izan ohi da arazo bat kontzertuak lotzerako orduan. Momentuz ez digu burukomin askorik eman.

Besterik?
Diskoa deskargatzeaz gain, nahi duenak biniloa ere eros dezake gure web orrian. www.kokein.com
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.