entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Kronika Zuzenak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Urko Ansa 2010

BENITO LERTXUNDI Campos Eliseos Antzokia (Bilbo) 2010-4-13

Oriotarra eta bere bandaren urruneko argazki bat. Oriotarra eta bere bandaren urruneko argazki bat.
Bi aldiz pentsatu gabe joan ginen (urte batzuetako lanen ondoren) berriz ireki duten 1902ko Antzoki eder honetara. Gidatzen ari bazara, Plaza Biribileko (lehen Plaza de Espaa, Patxiren aginduz) eromenean ez sartzeko azken aukera da Bertendona kalea. Antzokia berriz ireki dutenetik, hori baino askoz gehiago. Eta aretoan inoiz egon ez ginenok, modurik hoberenean estreinatu genuen: Orioko Bardoaren aktuazio paregabe batekin. Harrigarria da. Doan tokira doala, bere oinetan dauden jarraitzaile sutsuak besterik ez ditu aurkitzen. Urteak joan, urteak etorri, disko berri bakoitza artelan bihurtzen du


Bi ordutik gorako emanaldiak zentzumenentzako paradisua, besterik ez dira. Garai bateko kontzientzia kolektibo berezi hartatik ezer ez galtzeaz gain, soinu berriak ekartzen jarraitzen du, bere bide propioa eta guztiz pertsonala kalitate musikal paregabe batekin hornituaz. Bere obra berrietan duen konfiantza frogatzeko, 60.hamarkadako kanta bat (Zenbat gera), 70eko bi (Orbaitzetako armaolaren kantua eta Bizkaia Maite), eta 80etako bakar bat (Nere Herriko neskatxa maite) jo zituela esango dizuet. Beste guztiak Hitaz Oroit (1996) diskotik aurrerakoak izan ziren. Bai kanta guzti hauetan, bai jo zituzten pieza instrumental ugarietan (zazpi bat) begiak itxi gabe egon nahi genuen momenturo, detaileren bat galtzeko beldurrez. Hori gutxi balitz, aretoaren soinua perfekziora hurbiltzen denez, literalki flipatu egin genuen bere banda guztiarekin. Bai Olatz Zugasti emazte lirainaren maniura, teklak eta, nola ez, aingeru ahotsarekin, bai beste guztiekin (Pello Ramirez, Angel Unzu eta abar).

Azken diskoko, Itsas Ulu Zolia (2008) zoragarriaren lau piezekin hasi zen, Hitzak, Haizeak jotzen zuen, Ilargia eta Bakea. Gozatzeko momentuak ziren, bere errepertorioagatik batere beharrik izan gabe ere nahi duena egiten jarraitzen baitu, ohikoa denez, kanten aukeraketarekin. Aurreko lanetik (Nere ekialdean) nola ez, jada klasiko bihurtu diren beste batzuk etorri ziren: Itsasoari begira, Gartxot (Pello Ramirezen txelo hunkigarriaz) eta Pete Seeger maisuari eskainitako Zergatik utzi kantatzeari.

Duela 5 urteko zuzenekotik Olatzen Itoitz xarmangarria eta Hitaz Oroitetik Udazken koloretan, guztiok kantatutako Baldorba, Oro irrio bat eta Iluna denerako. Azken diskotik lehen esandakoez gain Kantuz eta Orioko arraunlarien himno bihurtu den Mirotzak (Bilbon ere arrakasta handia izan zuena). Zeresanik ez Orbaitzetako armaolaren kantuarekin malko bat baino gehiago isuri zirela, fabrika hartatik zutik geratzen denaren irudiak proiektatu zirelarik. Bizkaia Maite (hamaika aldiz eskatu ziotena) jo izan ez balu ez dakit zer jazoko zen, eta Nere Herriko neskatxa maitek zoriontsu egin gintuela esan beharrik ere ez dago.

Bilbon euskarazko musikak bere txokoa baduela argi ikusi nuen berriz ere, nahiz eta segapoto batzuk hori onartu nahi ez izan. Bilbo eta euskara, Bilbo eta euskal musika banandu ezin direla deritzogunontzat egun handia, beraz, letra ahazten zaionean ere dibertigarria izaten dakien erabateko artista, bizirik dagoen mito handienetako bat den eta oraindik urte askotan zehar gozatzeko esperantza daukagun Benito Lertxundi, handietan handienaren eskutik.
Zenbat Gera klasikoak, Kafe Antzokian bagina bezala, ateak ixteko garaia zela gogorarazi zigun (kointzidentzia bitxia!). Euskal Kantagintza Berriak berria izaten jarraitzen du, 45 urte geroago. Laster arte!
bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.