entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Urko Ansa 2013-04-05

Benito Lertxundi Arimaz, espirituaz, sexuaz... mintzo zaigu (II. Zatia)

Benito Lertxundi. Argazkia: Ruben Plaza. Benito Lertxundi. Argazkia: Ruben Plaza.
Agindu genuen moduan, Entzun! liburuaren azken zenbakian paperezko formatuak dituen mugak direla eta argitaratu genuen elkarrizketatik kanpo geratu zen galdera-erantzun sorta berri bat dakarkizuegu hemen. Orduan, Benito Lertxundik bere disko eta liburu berriari buruz hitz egin zigun, erlijioari buruz, ahotsean izan zituen arazoei buruz, Bob Dylani buruz, Zuberoa/Askatasunaren semeei eta Altabizkar/Itzaltzuko Bardoari diskoei buruz... Baina gehiagorako astia eman zuen. Euskal tradizioa, Gu Gira kontzertuak eta heavy metala ere izan zituen hizpide...
Orain, aldiz, izpiritua eta bizitzaren filosofiaren inguruan gehiago sakontzeaz gain, sexuaz hitz egin digu eta Ez Dok Amairuren amaieraren arrazoietan sakontzen saiatu gara (asko lortu ez dugun arren, saiatzeak beti ematen ditu bere fruitutxoak), eta kantautore politiko deitu ziren haietaz itaundu diogu.
Ez da ordea, oriotarrarekin izan genuen solasaldia hemen bukatuko. Ezta gutxiago ere. Elkarrizketa interesgarri eta argigarri honen hirugarren (eta azken zatia) lantzen ari gara dagoeneko...

 
Jainkoari buruzko Benitoren gogoeta batekin hasiko gara:
"Jainkoa hitz bat da, termino bat. Termino hori erabili egin behar bada eta zirkulatzen egon behar badu, ni hitz horren jabe egingo naiz. Hori ni ere banaiz. Azken finean gauza bi ez daudelako, hori da hain zuzen kulturalki sartu zaigun nolabaiteko aberrazio bat, hau da, fragmentazioaren mundua. Zenbakiak... Ez, ez, gauza bakarra da. Bat. Ordea, gure pentsamendua denbora denez, zatitzailea da eta sortzen ditu gauza ezberdin asko eta azpimundu edo mundu txiki asko. Horrekin gelditzen gara eta ez dugu ezer ulertzen. Orain lurrean gaude eta gero zeruan edo infernuan. Beste mundu batean. Orain hau gara baina gero beste gauza bat izango gara. Oraingoak ez du balio eta gerokoak balioko du. Baina oraina bakarrik daukagu: beste guzia ilusioa da. Iragana ilusio bat da, eta iragana bera ere momentu honetako interpretazio bat da.

Eternitateaz hitz egiten duzunean, eternoak garela esan nahi duzu. Zer esango zenioke hil nahi ez duenari? Eternoa izan nahi duenari?
Ez gara hiltzen erabat; hiltzen zaizkigu gauzak. Zenbat zelula hil zaizkigu? Baina berriak etorri dira, eta hor jarraitzen duzu. Gu gara zelulak, gure adimena edo espiritua ez baita gurea. Nire argia, nire haizea esaten al duzu? Haizea, haizea da; eta argia, argia da. Nik orain ez dut argian parte hartzen (Oharra: Benitok begiak itxi ditu); eta orain bai (ireki dituenean). Beraz, ez da nire argia, hala balitz orduan ere (begiak itxi ditudanean) argia egongo litzake. Hiltzea muga bat da esaten da. Ez, hiltzean ez duzu mugarik ikusten. Badakizu hil egin behar dela, beti hiltzen ari zarelako. Orduan, zergatik egon egunen batean bihotza geldituko zaidanaren beldurrez? Hiltzen ari garen heinean, berria izango da.

Plazer bat izan duk, Benito! liburuko edukiak aurreiritzi askorekiko liberazioak dira, bizitza osoan eraman ditugun zama horiekiko liberazioak. Ohiko pentsamenduekin talka egiten du, beste ikuspuntu bat da, eta horregatik interesgarria. Pako eta Mikelentzat izan den moduan. Adibidez, baloreen diktadura salatzen duzu.
Nork esaten digu zein diren baloreak? Elizak esan behar dizkigu bere baloreak, jainkoak emanak? Historia bat muntatzen dute, bete behar duguna. Berez, izate horretan, ez dago balorerik. Guk baloratzen dugu. Eta historian zehar, kulturalki, kultuaren arabera egiten ditugu balorazioak, eta halako monolito batzuk bihurtzen dira: Gure baloreak, betiko baloreak... eta abar. Modu mekaniko batean errepikatzen joan dira, belaunaldiz belaunaldi. Hori dena gure balorazioa da, ez dago berezko balorerik. Ezta nire izatean ere. Balore batzuen inguruan militatu egiten duzu, eta berez ez dago militatu beharrik.


"Nork esaten digu zein diren baloreak? Elizak esan behar dizkigu bere baloreak, jainkoak emanak? Historia bat muntatzen dute, bete behar duguna. Berez, izate horretan, ez dago balorerik. Guk baloratzen dugu (...)"

Errukia eta barkamenaren inguruan ere hainbat hausnarketa egin dituzu.
Barkamenak badu halako protokolozko konnotazio bat. Gizartean batek testimonialki barkamena eskatzen badu, bestea pozten da bere ohorea handitzen delako. Errukia beste gauza bat da. Osotasunaren pertzepzio hori daukan pertsonatik sortzen da. Bat, ezerezetik aparte ez dagoela konturatzen da, ezinezkoa delako. Badaki mina egiten badu bere buruak ere mina hartuko duela. Hori horrela ikusten duenak ez dio inori mina desiratzen, bai baitaki hori gaiztoa dela beretzat eta denontzat. Erruki horrek purifikatu, garbitu egiten du. Norbaiti okerra egitetik salbu zaude.

Egoera lasairik existitu al daiteke heriotzari beldur izanda?
Ez. Heriotzaren beldur bazara, lehen aipatutako kode horietan bizi zara, geroari beldurrez eta denboran kokatutako kultura batean bizi zarelako. Azkenean, heriotza ere bizi da. Nolabait esateko, forma aldaketa batzuk dira. Eternoak garela badiozu, zergatik diozu bizitza amaitu dela heriotzarekin? Hiltzen banaiz, bizi naizelako da. Hiltzen dena bakarrik bizi liteke, eta bizi dena bakarrik hil. Hil egin beharko duzu ziurtatzeko bizi zarela. Bizi denak, badaki heriotza noizbait helduko zaion akzidente bat dela. Baina ez daki uneoro gertatzen ari zaiola. Ez daki heriotzaren kulturak erro-erroan daramala heriotzara. Ez daki hori ikusten, eta horrekin lasai, bare bizitzen.

Kezka horrek ez du ezertarako balio orduan...
Gertatuko da, nahi izan edo ez.

Hainbat erlijiok arima eta gorputzaren banaketa planteatzen dute. Zuk hori astakeri bat dela diozu, hori onartu ezkero, gorputza zure arimatik kanpo dagoen zerbait dela onartzen baita.
Nik diot kanpoa eta barrua gauza bera dela. Gu hizkuntza batez baliatzen gara, eta hizkuntza pentsamenduaren ondorioa da. Beraz, pentsamendua denbora bada, hizkuntzak ezinbestean denbora izan behar du.


"...normaltasun batean gauza desnaturalizatu asko daude. Sexuarekin hori egin zuten: gauza natural bat norma bihurtu. Honaino, edo modu honetara; bestela txarra edo bekatua da"
Arima hori gure asmakizun bat al da?
Nire ulermen bat da. Nik ez dakit munduan inork hori esan duen, agian bai, baina nik ez dut ezagutzen. (...) Bihotz* kantan horretaz ari naiz (*Bihotz abestia 1996an argitaratu zen Hitaz Oroit diskoan).
 
Sexuaz askatasun osoz hitz egiten duzu liburuan, oso ohikoa edo normala ez dena.
Niri normala hitzak ez dit ezer esaten. Gauza bat bai esaten dit: denek egiten dutena; norma. Batzuetan konnotazio positiboa eman nahi zaio. Nik diot normala agian ez dela izanen, baina naturala bai. Bi gauza ezberdin dira eta normaltasun batean gauza desnaturalizatu asko daude. Sexuarekin hori egin zuten: gauza natural bat norma bihurtu. Honaino, edo modu honetara; bestela txarra edo bekatua da. Arau horiek, balore edo balorazio haiek gizakiak egin ditu, gutiziaz gainera. Tradizioaren izenean boterea edukitzeko otzandu nahi izan dute gizakia. Haren araberako jokamoldeak sortzen dituzte. Jatea ondo dago, baita lo egitea ere; zergatik dago, bada, sexua gaizki? Zein ezberdintasun dago? Errepresio horrekin arazo psikologiko pila bat sortzen da, konflikto pila bat. Aberrazio ikaragarria da. Zer izango ginateke gu sexurik gabe? Sexuaren ondorioa gara. Itsusia dela, ezkutatu egin behar dela... haurrek ez dute horretaz ezer jakin behar... harrikada bat ikaragarria. Zer gauza hobeagorik egingo genuke, guzi hori desikastea baino? Hori egitean agertzen da benetako arrazoia. Sexuari arauak jartzea geure buruaren aurka joatea izango litzake.

"Hori da egoaren kultura. Besteen onespenaren bila bizitzea. Ia beti, gizakiaren bizitza osoa karrera bat da horretara iristeko. Konturatuko balira zer edo zeri noiz eta naturalago begiratzen dioten, orduan eta sinesgarriagoak direla!"

Nire belaunaldikook ez dugu hainbeste jasan erlijioaren errepresio zital hori, baina beste batzuk dauzkagu: ospea, dirua... eta abar. Ez ote dira hauek erlijioa bezain kaltegarriak?
Azken finean, bai erlijioan zein beste gauzetan, beti agertzen da egoa. Zer jorratzen du egoak? Zein egoera sortzen ditu? Egoa, azken finean, pentsamendua dela esan dugu. Pentsamendu horrek eredu bat du bere buruarekin: Nik gizartean hau izan nahi dut, irudi hau nahi dut besteek horrela ikus nazaten. Besteen kontsiderazioa edukitzeko egiten du bere kalkulua eta bere estrategia. Gezurrezko irudi bat eraikitzen du, harrera ona izateko. Jendeari pentsa arazi nahi dio bera ezinbestekoa dela inguru horretan, eta bere bizitza guzia antolatzen du hori lortzearren. Hori da egoaren kultura. Besteen onespenaren bila bizitzea. Askotan, ia beti, gizakiaren bizitza osoa karrera bat da horretara iristeko. Konturatuko balira (ez dute egiten, ego horren espetxean preso daudelako) zer edo zeri noiz eta naturalago begiratzen dioten, orduan eta sinesgarriagoak direla!

JARRAITUKO DU...



bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.