Igeldoko Jolas Parkeak hartuko du bigarren urtez indie moldeko jaialdi hau
Iazko arrakasta erabatekoaren ondotik, Kutxa Kultur Festibalaren hirugarren edizioa dugu (bigarrena
oraingo kokagunean, Igeldoko Jolas Parkean). Dagoeneko badakigu irailaren 6an, ostiralarekin,
CRYSTAL FIGHTERS,
DELOREAN eta
DAMIEN JURADO artistak arituko direla eta irailaren 7an, larunbatarekin,
BUILT TO SPILL,
CROCODILES eta
BOBBY BARE JR.
Iaz bezala, barrutian hiru eszenatoki finko izango dira: Eszenatoki
Nagusia, nazioarteko artistek eta egile ezagunenek joko dute bertan;
Igeldo Eszenatokia, bertako
taldeentzako gunea; eta Reggae Hall-a, Munduko Gastronomien Gunean. Hala ere, aurten, berrikuntza bat izango da: laugarren eszenatokia jarriko dute,
jolas-parkea bera. Bertan, aurrez iragarri gabeko formatu txikiko
hainbat ezusteko jarduera egingo dira; hala parkeko atrakzio
batzuen barnean, nola festibaleko hainbat gunetan (festibalak iraun
bitartean emango da horien guztien berri, gizarte-sareen bitartez).
Antolatzaileen ustez, hein handi batean, ikus-entzuleek parkea eta bertako
atrakzioak interpretatzeko duten modu atsegina da ekimen honen
arrakasta; alegia, "ingurua gaztetzeko" duten modua. "Beraz, jolas honen
bitartez, jendeak parkearekin elkarreraginean jardutea sustatu nahi
dugu, eta horien mugikortasuna bultzatzea eta misterioarekin jolastea
ere xede izango ditugu".
Sarreren prezioa soil-soilik
6 euro garestitu dute, eta hartara, iazko prezio herrikoien politikari eutsi diote. "Dena den, eguneratu egin behar izan dugu, BEZaren igoera dela-eta, eta Festibalak izango duen ordu-kopurua, Parkeko eszenatoki-kopurua eta bertatik igaroko diren artisten kopurua ugaltzearen ondorioz (iaz 20 artista izan ziren; aurten, berriz, 28)", aipatu dute antolatzaileek.
www.kutxakulturfestibala.com