entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Erreportajeak

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
Urko Ansa 2015-12-23

Olatz Zugastiren 'Ur goiena, ur barrena' diskoaren aurkezpenaren kronika berezi bat

"Guk herri menperatu bezala, eduki beharko genukeen jarrerak beste bat izan behar luke"

Olatz Zugasti. Argazkia: Ianire Etxabe. Olatz Zugasti. Argazkia: Ianire Etxabe.
Iritsi da, hemen da, Olatzen disko berria. Bost urte pasa dira azkeneko lanetik (Gau hotzenean ere, Elkar, 2010), eta oso luzea egin zaigu, nahiz eta Zugastik bere denbora behar izaten duela jakin. Lan zoragarria eta iradokitzailea azken hau ere, baina momentu honetan oraindik ez dakigu, hementxe bertan emango baitigute diskoa. Elkar diskoetxeko Angel Valds eta Olatz bera, prest daude prentsaurrekoa ematen hasteko. Lekua: Poza Lizentziatua kaleko Elkar denda.



Angel: Badago urrats bat Olatzengan, bere burua modu integralean aurkezteko. Berak konposatu, konpondu eta ekoiztutako lana da. Ausardi horrekin aurrera begiratu eta zuzenean aurkezteko erabakia hartu du. Horrek diskoaren edukiari
feedback handi bat ematen dio. Eduki hori bi korronteen arteko fusioa da. Alde batetik, bere barneko sentipen horiek musikalki eramateko era dago. Beti baso batean gaude, sasi artean bizi gara, eta musikak askotan argia ematen digu bide horretan aurrera egiteko. Bestalde, pentsamendu korronte unibertsal bat ere topatzen dugu hitzei dagokienez. Pertsonen askatasuna, herrien askatasuna nola lortu libre izatea. Aurkezpen hori publiko zabalarentzat oso albiste ona izango da seguru aski, oso gutxitan ikusi ahal izan dugulako Olatz zuzenean bere taldearekin. Talde hau oso gaztea da, oso eraberritua, oxigenatua eta gogotsua, eta honek seguritate handia ematen dio. Olatzekin utziko zaituztet


Lan honek bizitzarekiko nire kezkez hitz egiten du, eta gure herriak daukan posizionamenduari buruz
Olatz: Bosgarren disko honek Ur goiena, ur barrena izena du. Izen bereko kantua Urdiain inguruan jaso zuen Resurrecin M Azkuek. Gabonetako kantu zahar bat aurkitu nahi nuen. Geroztik, urte askoan, nire eskumenean ibili dut. Oso irudi politak dauzka, gure imajinarioaren, euskal imajinarioaren, parte agertzen da bertan. Urte zaharrean kantatzen da. Etxez etxe joaten dira eta ura dauka elementu nagusi bezala, erritual bat uraren inguruan. Metaforikoki ere polita iruditu zitzaidan disko osoari izena jartzeko.

Jatorrizko bertsioa hartu eta moldatu nuen. Beste guztiak neronek egindako kantuak dira. Baten hitzak, Bizitzaren baitatik kantarenak hain zuzen, Pako Aristi nire lagunarenak dira. Brendan Grahamen bi doinu ere badaude; bata, tradizionala eta bestea, berea. Lan honek bizitzarekiko nire kezkez hitz egiten du, eta gure herriak daukan posizionamenduari buruz. Nire ustez, guk herri menperatu bezala, eduki beharko genukeen jarrerak beste bat izan behar luke. Agian urrunegi joan gara guk geronek hartutako norabide batean.

Disko hau neroni hasi nintzen etxean grabatzen, teklekin, baina gero beste lau musikari alderatu dira, eta zuzenean aldamenean izango ditut. Hauek Ander Ederra (gitarra, bouzukia), Joanes Ederra (baxua), David Gorospe (bateria) eta Julen Alonso (eskusoinua, teklak) dira. Julen da gazteena, 19 urte besterik ez ditu. Hor daukazue (Julen seinalatzen du).

(Gazteleraz jarraitu du) Pako Aristiren letra (lehen aipatu Bizitzaren baitatik) bere Uraren poema liburutik hartu dut. Diskoan duela bi urte hasi nintzen lanean, hitzekin agian lehenago. Hauei buruz, badirudi bizitzeko behar dugun guziarekin jaiotzen garela, baina gero, askotan, ez dakigu bizitzen eta adituengana jotzen dugu, argitu gaitzaten, gure bizitza nola ber bideratu behar dugun lagundu gaitzaten. Baina, agian, bakartasuna da aditurik handiena. Gai sozialei dagokienez, gure herrian bere baitan gai nazionala nahitaez daukate, herri okupatua garelako, oinperatua. Azken urteotan zenbait kontzeptu, hitzontzikeria eta ideia hainbat plazaratu dira, kutsatu eta beste pentsatzeko era bat sortu besterik egiten ez dutenak. Hots, gure hasierako pentsamendua eta jo puntua ber bideratu egiten dutenak. Herri bezala, herri menperatu bezala egin beharko genukeen jo puntua hain zuzen. Herri batek bere erantzun propioa izan behar luke erresistentzia moduan. Erresistentzia hau ulertzeko modu asko daude: noiz mugitu behar duzun jakin, zer esan behar duzun, dena ondo kalkulatu eta ahalmen estrategikoa eduki. Gaia zaila da, baina abesti pare batean nahiko eroso sentitu naiz ideia hauek espresatzeko orduan.

Kazetari batek, gazteleraz, galdetu dio: Musikarien gaztetasuna zertxobait harrigarria da.

Olatz:
Hori ez dakit oso ondo nola hartu, kar-kar. Julen Alonso nire semea bezala da, nire seme musikala. Benetan harritzekoa da, txiki txikia zenetik ezagutzen dut, 19 urte ditu. Orion ematen nuen klase batean hartu nuen

Angel:
Olatzek dio afinazio perfektua daukala.

Olatz:
Belarri bikaina dauka, nota bat entzun eta eskusoinua hartu gabe zein nota eta zein akorde den badaki.

(Kazetari bera): Lehenago Angeli ulertu diot zuzenekorik ez duzula egiten, edo aurreko diskoetan ez duzula birarik egin, edo haietako batean



Kantuak egiten ditut, kantuak sortu, eta gero kutxan gelditzen dira, edo grabatuta daude, baina jada ez dute bizitza berreskuratzen. Zuzenekoak egitea haiei beste aukera bat ematea da. Beldurra galdu dut, esan dezagun argi, porrot egitekoa
Olatz: Bai, lehenengo diskoarekin bizpahiru egin nituen, eta gero noizbehinkakoak egin ditut ekitaldi txikiren batean, poesia irakurketaren batean, baina ez naiz maiz zuzenekoetan agertu. Aldiz, orain, dirudienez egoera inoiz baino zailagoa dagoenean, hartu dut atrebentzia, buru belarri zuzenekoetara jauzi eginez. Kontraesankorra dirudi, baina ez naiz kontraesankorra, kontrakorronte noa. Iristen da momentu bat non, diozun: Kantuak egiten ditut, kantuak sortu, eta gero kutxan gelditzen dira, edo grabatuta daude, baina jada ez dute bizitza berreskuratzen. Zuzenekoak egitea haiei beste aukera bat ematea da. Beldurra galdu dut, esan dezagun argi, porrot egitekoa. Benitorekin daukadan erreferentzia oso ona da, jende asko etortzen baita kontzertuetara, eta badakit bakarka askotan zailtasunak izango ditudala, beste edonor bezala hutsetik hasten bainaiz. Orain zuzenekoetan nola egiten dudan inork ez daki, baina beldurra galdu dut. Ez naiz ezkutatuko, eta aurrera egingo dut.

Angel:
Musikari belaunaldi berri bat dator, 19-20-23 urte ingurukoa, musikari oso prestatuak dira, jaio direnetik musika maite dutenak. Zelabait, lehenago egin dugun lanak balio izan du. Oso optimista naiz kontu honekin. Garaiera musikal handia daukagula uste dut, zentzu guztietan: konposizioan, interpretazioan, grabazioan

Amaitu duenean, galdera gehiagorik ba dugun galdetu digu, eta gero zuzenean niri. Ez neukan galderarik prestatuta, baina berak itaundu nauenean, aspaldi buruan darabilkidan bat bota dut, euskaraz, noski:

Ni neu: Olatz: Nire ustez zuk egiten duzun estiloa ez du inork lantzen Euskal Herrian. Oso berezia da

Olatz:
Beno, berezia behintzat bada. Instrumentuak berak horretan eragina dauka. Behin Alan Stivell bretainiarraren disko bat entzun eta instrumentu hau (maniura) jotzea erabaki nuen. Guztiz liluratu nintzen, eta berak jorratu zuen bide hori nahi nuen hartu. Ikasketa batzuk egin nituen. Harpa handia, harpa klasikoa (pedalekin eta abar) ikasi nuen Baionan, baina nik garbi neukan musika popularraren bidetik joko nuela. Herri musika, popa nahi duzun bezala, eta maniura uztartzea estilo horrekin. Kantu aktualak jorratzea, edo gaien aldetik, gaur egungo sentitzeko moduarekin bat egitea. Ez da erraza uztarketa hori. Bide horretan nago.

Akabo, lehen galderarekin animatu eta besteak errenkak atera zaizkit!

Ni neu: Zure formazio eta zure eboluzio artistikoa Benitoren ibilbidearekin era paraleloan joan dira, baina zuen estiloek ez dute zer ikusirik.

Olatz:
Bai seguru asko. Beste estilo bat da, beste era batera idazten dut. Berak azken aldi honetan gaien aldetik sakontasun zera bat dauka hitzetan. Niri iradokizunekin jolastea gustatzen zait. Instrumentuak ere zer ikusia badu, noski, bera gitarra batetik abiatzen baita eta gero dauka daukan taldea Harparekin, harmonia eta melodia ez da berdin ateratzen.

Ni neu: Berak zure lehenengo diskoan (Kantu baten bila nabil, 1991) parte hartu zuen, baina hori izan da zure disko batean egon den aldi bakarra...

Olatz:
Berak animatu ninduen lehenengo diskoa grabatzera. Materiala baneukan, kantu batzuk erakutsi nizkion eta hemen disko bat daukazu- esan zidan-. Zergatik ez zara animatzen? Nik ez neukan esperientziarik eta bera egon zen estudioan, produkzio lanetan nahi baduzu. Gero etorri zen sehaska kantuen diskoa (Bulun bulunka, 1999). Hor nik ideia bat neukan, eta berak esaten zidan harparekin bakarrik egiteko, eta nik nahi nituen beste instrumentu batzuk, klarineteak e.a. Hor ja nire bidetik jarraitu nuen, baina berak ere bere ekarpen txikiak egin zituen, beno, txiki baino gehiago, ze hor dago denbora guztian iritzia ematen.

Bere bidea egin duela esan diot, eta Olatzek baietz, eta geroztik are eta gehiago.
Bulun bulunka-tik hona ere iritsi da momentu bat non berari ideia ere erakusten ez diodana. Lehenik diskoa egiten dut, eta gero halaxe, zuek diskoa entzuten ari zareten bezala entzun zuen berak. Kar-kar.

Angel:
Kar-kar. Gustatu al zaio?

Olatz:
Hala esan dit, bai. Egin zituen halako abardura batzuk. Kar-kar.

Horrela jardun ginen. Amaieran Olatzek Psikoanalisia egiten didazue batzuetan
esan zuen, umoretsu. Orduantxe konturatu nintzen nire akatsaz, hain justu Benitoren ibilbidea eta berearen arteko ezberdintasunak azpimarratu nahi banituen ere, Benito hainbestetan aipatzeak kontrako sentsazioa sortu baitzezakeen Hobeto aprobetxatu ahal nuen nire txanda, seguruenik. Dena den, egongo da horretarako aukera ere aurki egingo diogun elkarrizketan.

Segidan, argazkilarien txanda
(gurekin Ianire Etxabe) eta handik ez askora, diskoa jarri eta lehen aldiz entzuteko momentua, azkenik! Baina ez ditzagun gauzak aurreratu, laster berri gehiago izango dituzue eta.
bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.