entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Erreportajeak

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
Antton Iturbe 2016-04-14

'Infinity Machines' eta 'Mirror', Gnod taldearen azken bi diskoak aztergai

Matadeixen joko du Erresuma Batuko laukoak apirilaren 19an

Gnod laukoa. Gnod laukoa.
Gnod - Bandcamp
Iruzkin eder batean, The Quietus aldizkariko Mick Middles-ek Gnod taldearen musika Salford-eko (Erresuma Batua) Islignton Mill arte zentrora lotuta dagoela kontatzen du. Egoitza industrial honek inspirazioa ematen dio taldeari eta, aldi berean, taldeak bere emanaldi luzeetako musikaz blaitzen ditu bertako paretak, pixkanaka, sinbiosi perfektu bat eratuz.

Antzeko sentsazioak izan ditut beti Akauzazte eta Matadeixeko egoitzaren artean eta ondorioz, irrika handiz espero dut datorren apirilaren 19an Gnod Matadeixen emango duen kontzertua. Interakzioa sorrarazi dezakeen akelarrea irudikatze soilak, biziki inarrosten nau.

Gnod 2007an sortu zen, arte garaikideko kolektibo baten moduan hasiera batean, eta hainbat mutazio eta partaide aldaketen ondoren, lau kideko rock (zentzurik askeenean) talde egonkor baten itxura hartu du azkenaldi honetan. Ihazko Infinty Machines eta aurtengo Mirror diskoak laukote honek plazaratu ditu; osagarri musikal antzekoko bi disko eta, aldi berean, bata bestearen ifrentzua bailiran, planteamendu erabat ezberdineko bi artelan.

Infinity Machines eta Mirror

Infinity Machines 109 minutuko zabalerako soinu paisai erraldoi bat da. Ekaitz zaratatsuak han hemenka sakabanatuta eta aldenduta daude ehundura leun eta toxikoko larre eta mendilerro infinitoen gainean. Mirror ordea, 40 minutu eskaseko ekaitz ia etengabea da eta aterperik ezean euri azidoak entzulearen larruazala kiskaltzen du, nahitaez. Infinity Machines-ek Sun Raren bidai kosmiko baten itxura baldin badu, Mirror-ek Skullflower-en basakeriaz hozka egiten du.

Mirror disko berria da Matadeixen aurkeztuko dutena. Horregatik bihurtu dugu iruzkin honen protagonista. Baina Infinity Machines-en aipamena ezinbestekoa dela uste dut. Alde batetik, taldearen irismen zabala goraipatzeko eta, bestetik, hein batean behintzat, bata bestearekiko erreakzio moduan sortu dela erakusteko.

Mirror, Gnod-en osagarri industrial, psikodeliko, zaratatsu eta pozoingarriez eratutako edabe ultrakonzentratu baten moduan jaso daiteke

Hala, Infinity Machines bere barnean bizitzera gonbidatzen zintuen unibertso liluragarria izan zitekeen, baina luzera itogarria suertatu zitekeen. Gainera, gailur horretatik aurrera, nora jo zezakeen taldeak? Zalantza horren aurrean, Gnod-ekoek musika hanpatzen eta hustutzen jarraitzeko arriskua sumatu dute eta, horrexegatik, jarrera eta kontzeptu aldetik punk zaplasteko bat eman nahi izan diote bere musikari. Era horretan, Mirror, Gnod-en osagarri industrial, psikodeliko, zaratatsu eta pozoingarriez eratutako edabe ultrakonzentratu baten moduan jaso daiteke. 40 minutu horiei erabat tolestutako eskusoinu baten itxura hartzen baitiet, behin barnean zaudenean denboraren pertzepzioa malgutu eta eskusoinua bezala zabaltzen hasten dela iruditzen baitzait. Halakoxea da talde miragarri honen botere hipnotikoa.

Gnod, Wire eta Van Der Graaf Generator-en arteko nahasketa bat bezala deskribatu dute batzuek, edo Swans taldeak bere ohiko ankertasunez PIL-en Metal Box bertsionatuko balu bezala. Egokiak iruditzen zaizkit biak, baina nik Akauzazterekiko parekotasuna gehitu nahi nuke. Sentsibiltatez, izaeraz eta jarreraz antzeko talde miragarriak iruditzen zaizkit. Gauza bera pentsatuko ote dute Matadeixeko paretek?

bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.