Joseba Irazokik etorria eta trebezia handia dauka hari musika tresnekin ikertzeko, ohikoak ez diren doinuak aurkitzeko. Gitarra elektrikoa, banjoa, lap steel eta nylonezko hariak erabili ditu, bere erara, Olatuetan laneko zazpi piezak grabatzeko. Inprobisazio askean oinarrituta. Aipatu tresnen bitartez mintzatu eta jolasten da. Zaratatxoak, xuxurlak, txistuak, laztanak eta kolpe txikiak entzuten ahal dira, besteak beste; doinu urratuak eta ziztrinak; une urduriak, bareak eta gozoak. Soinu oro, eta baita isiltasuna ere, dira Josebaren iturriak. Derek Bailey eta Robbie Bashori eskaini die diskoa. Biekin solastatzen da, olatuen artean. Biak ala biak musikari handiak ziren. Derek Bailey, bat-bateko gitarra-jole berezienetako bat (ingelesa, 1930ean jaio eta 2005ean hil zen); Robbie Basho, berriz, folk gitarra-jole aparta (Amerikako Estatu Batuetakoa, 1940an jaio eta 1986an hil zen). Josebak bere etxean egin ditu grabazio saioak eta nahasketak. Argazkiak ere bai, belardi batean. Mikel Errazkinek masterizatu, eta Portugalgo Creative Sources zigiluak argitaratu dio grabazioa.