Euskal Herrian jotzen duen hirugarren aldia izango da
Neil Young, 2009an Donostian, zuzenean. Argazkia. Galder Izagirre.
Datorren uztailean Big Jaialdiaren bosgarren edizioa egingo da Miarritzen. Momentuz, antolatzaileek Young-en etorrera ziurtatu dute bakarrik. Young-ek, gainera, Crazy Horse talde mitikoa izango du laguntzaile
Neil Young-ek porroak eta edaria utzi zituen iaz, sormenari eragingo ote zion beldur izanda ere. Aitzitik, 2012. urtea benetan emankorra izan zen berarentzat: Americana bertsio diskoaz gain, abesti berriez osatutako beste bat grabatu zuen: Psychedelic Pill, mundu osoko kritikak goretsia. Bi diskoak Crazy Horse talde legendarioarekin grabatu zituen, hamar urte elkarrengandik urrun egon eta gero. Hamar urte batera grabatu barik esan nahi dugu, esaterako, 2009an Donostian batera jo baitzuten. Eta hau dena gutxi balitz, bere autobiografia (Waving Heavy Peace) idatzi zuen: Charles Mansonekin egindako jam session-a, AEBetan izandako arazoak (kanadar etorkina izateagatik) eta beste mila anekdota kontatzen dituena. Porroak eta alkohola, biak batere inoiz utzi ez zituela aitortzen du bertan, eta "neure burua berriz ere ezagutzea ona izango zela" pentsatu zuela.
Beraz, 1987an Bilboko La Casillan eta 2009an Donostiako Belodromoan eskaini zituen emanaldien ondoren, Neil Youngek Euskal Herrian jotzen duen hirugarren aldia izango da. Sarrerak urtarrilaren 18an jarri ziren salgai eta 55 euro balio dute egun horretarako (uztailaren 18rako alegia) eta jaialdi osoko bonoak 85 euro. Kontuan hartzeko beste gauza bat: aurten Big jaialdiaren datak ez du Donostiako Jazzaldiarekin bat egingo. Neil Young & Crazy Horse, hortaz, Psychedelic Pill aurkeztera datoz, Neilek inoiz grabatu duen diskorik luzeena. Lehen abestiak 27 minutu (!) dauzka, eta 17 minutuko beste bi ere badaude.
Miarritze, uda, jaialdi bikain bat... zer gehiago eska diezaiokegu bizitzari?