Gakoa, nola gastatu diru publikoa?
Egun hauetan jakin da Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Etxebizitza Sailek 702.000 eurorekin lagunduko dutela Kepa Junkera musikariaren Kulturen arteko harremanak eta euskal musika hedatzeko eta berritzeko egitasmoa. Hori dela eta, Euskal Herriko musikari aunitzek erabaki hori iraingarritzat hartu dute ohar baten bitartez.
Sinatzaileek administrazioaren jokamoldea salatu dute ohar baten bitartez. Dirulaguntza horren ematea irizpide arbitrarioetan oinarritzen dela egotzi diote. Honelaxe dio oharraren muinak:
Testuingurua erakustearren, gogora dezagun 702.000 euroko kopurua dela Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak musikari guztien artean banatzeko duen hiru urteko diru poltsa adinekoa, Euskadiko Soinuak programaren barruan.
Behean sinatzen dugun musikariok ozenki salatu nahi dugu ohar honen bitartez ez egitasmoa eta berau garatzeko eskubidea, baizik eta administrazioaren jokabidea, diru publikoa baita eta erabilitako argudioak kultura, berrikuntza eta hedapena.
Erabakia iraingarria da hainbat kultur egitasmo eta kulturgilerekiko eta kritikatu nahi dugu administrazioko arduradunak zeinen irizpide eskas eta arbitrariotan oinarritu diren, nola egin nahi dioten aurre gure kulturak gaurko egoeran duen erronka larriari.
Eta hori ez dagokigu guri bakarrik, gure ustez hori gizarte honek jasan behar ez lukeen kultur politika jarduera da.