entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


Hemen zaude -> Kritikak / Liburuak
| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Liburuak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Sagardantza 2015

Neskatxa maite - 25 mujeres que la música vasca no debería olvidar Elena López Aguirre

Liburuaren azala. Liburuaren azala.
Izenburu nagusia ez bezala (batzuetan gustukoa dugu eta egokia deritzogu eta bestetan ez), zalantzarik ez dugu liburu honen kontzeptuaren eta edukiarearen gainean. Alegia, liburuak jasotzen dituen Euskal Herriko musika eszenaren (ulertu eszena oso modu zabal eta irekian) parte izan diren 25 emakumeren beste horrenbeste biografia labur hauek erabat justifikatuak daude, are gehiago, beharrezkoak dira, lan honetan agertzen diren protagonisten ibilbidea, ekarpena, lana eta esperientzia ahazturan eror ez dadin (kasu batzuetan bederen).
Liburuan agertzen diren 25 emakumeak abeslariak, musikariak, disko jartzaileak, irakasleak, managerrak, programatzaileak, argazkilariak, kazetariak, konpositoreak, diskoetxeko langileak... dira, haietako asko aitzindariak Euskal Herriko musikagintzaren alorrean, eta ororen gainetik, ausartak eta borrokalariak (irakurtzen hasi eta berehala ohartuko gara honetaz).

Liburuan agertzen diren 25 emakumeak abeslariak, musikariak, disko jartzaileak, irakasleak, managerrak, programatzaileak, argazkilariak, kazetariak, konpositoreak... dira, haietako asko aitzindariak Euskal Herriko musikagintzaren alorrean, eta ororen gainetik, ausartak eta borrokalariak

Segur aski (lerro hauek idazten ari denari horixe gertatu zaio), irakurleak ezagutzen ez zituen hainbat musika-eragile (belaunaldi desberdinetakoak) ezagutuko ditu liburu honi esker.
Protagonistei egindako elkarrizketen bidez (nahiz eta galdera-erantzunaren formatua bakarrik behin erabili duen egileak) moldatutako biografiak biltzen ditu liburuak. Hortaz, apurka irakurtzeko irakurgaia da Neskatxa maite, gaur biografia bat, bihar bestea, edo "behar dudan datu hau" kontsultatzeko ezin egokiagoa, nahiz eta liburuan ez den dokumentazio sakona eta zehatza biltzen, ez baita hori izan egilearen asmoa, ez eta elkarrizketatuena ere. Gutxi batzuk aipatuko ditugu hemen: Arantxa Gurmendi (Biurriak, Ez Dok Amairu), Christel Teruel (Malos Tratos, La Viudad Negra), Begoña Larrañaga (Socrates y Los Filosofos, Enrique Urquijo), Marieli Arroniz (Cicatriz en la Matriz), Irantzu Silva (Laket, M-ak), Zuriñe Gerenabarrena (Sinkro Festival, Musikene), Patricia Peñeñori (Ortopedia Ocular), Alicia San Juan (QRS Radio, Chico y Chica), Reyes Torio (Dinamita Pa Los Pollos)...

Beste kontu bat da aukeraketa egiteko egileak erabilitako irizpideak. Izan ere, jakin badaki, eta hala onartzen du, gure musikagintzaren baitan jardun diren emakume asko falta direla liburu honetan. Lou Olangua (Humedecidos, Ok Korral) datorkit burura (behar bada egileak harekin pentsatu zuen, baina jada ez zegoen gure artean) edo Irantzu Valencia (La Buena Vida) edo Teresa Catalan musika klasikoko konposatzailea (poparekin zerikusirik ez duen pertsona bat aipatzearren). Eta hitz hauek idazten ari garen bitartean, berriki zendutako Amaia Apaolaza (Akeita) datorkigu burura ere. Nolanahi ere, merezimenduz daude liburu honetan daudenak. Akaso bigarren partea egitera animatuko da egilea beste 25 emakumeren biografia ekarriz... Hala espero dugu.
bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Elena López Aguirre

Neskatxa maite - 25 mujeres que la música vasca no debería olvidar liburuaren egilea Elena López Aguirre (Madril, 1956) da. Pedro Espinosarekin batera Ediciones Aianai argitaletxea sortu zuen, eta ondoko lanak argitaratu ditu bertan: Hertzainak: la confesión radical (1993), Del Txistu a la telecaster: crónica del rock vasco (1996), Potato: la utopía de una Euskadi Tropikal (1998) eta Edozein herriko jaixetan: historia del rock vasco (2011).

Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.