entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Kronika Zuzenak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Urko Ansa 2015-11-22

Karmengo eliza, Markina-Xemein Olatz Zugasti

Olatz Zugasti zuzenean bere taldearekin. Argazkia: Urko Ansa. Olatz Zugasti zuzenean bere taldearekin. Argazkia: Urko Ansa.
Sorpresa handia izan da Olatzek oholtzara egin duen jauzia: urteak neramatzan momentu honen zain, eta zaila izango zela aspaldi barneratuta neukanean, horratx! Olatz Zugastik bakarkako ibilbide oparoari beste osagarri bat gehitu dio: Zuzenekoetara salto egitea!


Ur goiena, ur barrena (bere azken lana) aurkezteko Bilbon egin zuen prentsaurrekoan (ikusi hemen) bota zuen berria. Eta data horietatik berezienetakoa Markinako elizan ikusi ahal izan genuen. Elizan! Ez al da hori askoren ametsa? Karmengo Elizak soinu ona izatearen fama dauka, eta Anne Etxegoyenek 8 hilabete lehenago hemen bertan egin zuen emanaldian nabaritu zen, bai horixe (ikusi hemen). Arrakasta horrek bultzatuta edo, bigarren aukera bat izan genuen leku berean. Olatzek atabalen soinuarekin beldur apur bat zuela esan zidan Bilbon, baina inolako arazorik gabe entzun ahal izan genituen bai atabalak, baita beste instrumentuak ere.

Eta hor genuen, gure aurrean, bere banda gaztearekin. Orain arte bere errepertorioa diskoetan eta intimitatean bizitzetik, orain (azkenik!) kontzertu batean gozatzera pasatu ginen. Espero bezala, bere azken diskoari errepaso ederra ematen hasi zen: Agur eta ohore zoragarri geratu zitzaion, oraindik bere lekua guztiz hartu ez bazuen ere. Segidan Bizitza ederra da, hain sentibera, ia hauskorra Benetan, ordea, kantu honen edertasuna hain da handia, eta hitzen zintzotasuna hain intentsua, ezen eta bere sendotasuna guztiz munduratzea lortzen duela. Atabalek, atzetik, leunki markatzen dute abestiaren tempoa. Gitarra, baxua eta teklak soilak dira hemen, eta hala behar dute, izan ere, Olatzen ahotsa baita nabarmendu behar dena. Melodia horrek izan behar du protagonista. Hirugarrenarekin egin zuen salto Elearen lainoa diskora, izen bereko kanta ederrarekin. Disko hark markatu zuen Olatzen ibilbidean, ene ustez, aldaketa, teklatuak eta atmosfera hipnotikoei garrantzi handia eman zienean. Bikaina kanta.

Ur goiena, ur barrena, disko berriari izena ematen diona, hain zuzen, izan zen hurrena. Bere garaian Resurreccin Maria de Azkuek Ultzaman jaso zuen kanta bada ere, Olatzen moldaketek beste dimentsio bat eman diote. Pieza honek abesteko oso zaila behar du izan. Izan ere, hain tonu baxuak harrapatzen ditu hainbat momentutan Mezularia leuna da, barnerakoia. Eta ukitu elizkoi oso sakona nabaritzen diot. Ezin aproposagoa, beraz.


Olatz Zugastik ausardia handiaz aurrera pausua egin du bakarkako emanaldietara jauzi egitean
Eta, giro elizkoiaz ari garenez, Bat, biga, hirur aurkeztu zuenean, bat, biga, hiru, lau bortz abestu zuen, hain zuzen, Benito Lertxundiren Altabizkar mitikoan egin zuen bezala. Disko hartan Benitok atmosfera elizkoia bilatu zuela jakina izateaz gain, Olatzen kanta berri batzuek ere halakoxea dute, nahiz eta estilo ezberdinekoak izan. Bere ibilbide musikala kontaketa batekin hasi zuela azaldu zigun Olatzek (Benitoren disko hartan egin baitzuen debuta, 1981ean), eta aipatu kanta berri honen kontaketarekin lotu zuen. Abesti hau ezberdina da, erritmo gehiago dauka, gitarrak presentzia gehiago daukan moduan. Baxua eta atabalen arteko elkarrizketa da, seguru aski, klabea. Abesti aproposa, beraz, musikariak aurkezteko.

Bakean ala otzandua Olatzen hitz berri batzuen ispilu argia da: ahul, hauskor itxuradun hasiera, ahots fin eta sentsuala, eta kritika sozial eta politiko zorrotza. Kontrastea begi bistakoa eta deigarria da. Kondaira bere maniura magikoaren ikusmira ederra da. Olatzek maniura laztantzeko duen modua ikuste hutsa plazera bada, pieza honetan bi edo hiru ahotsetan grabatutako koruak alde batera utzi eta berak bakarrik abestu behar du. Sena ere koruekin grabatuta dago, baina Olatz bakarrik ere maisuki moldatzen da. Eta lehen aipatu Elearen lainoa diskora bigarren jauzia jarraian, Karriketan barna iradokitzailearen eskutik. Julen Alonsoren eskusoinua zoragarri geratu zen, Olatzen ahotsaz gain.

Joko arauan kritika politikoaren eremura itzultzen da, berriz ere era aski zorrotzean. David Gorosperen atabal kolpeak berebizikoak dira hemen, erritmo aldaketak eta nola ez, melodiaz gain. Isilpeko atea triste antzekoa da, nahiz eta eskusoinuaren negarra zoragarri geratzen den. Mendekaitz eta jostakin berriz ere Julenentzako ezin aproposagoa da, Joanes Ederraren baxua ahantzi gabe: leun eta neurtua (eliza batean gaudela ez dugu ahaztu behar), baina estilo handikoa. Momentu guzti hauek argazki on baten bila nenbilen bitartean bizitu beharra desabantaila izanagatik, bestalde, musikariak hain gertu edukitzea gozagarria ere suertatu zen.



Elearen lainoa
diskora hirugarren eta azken jauzia, segidan, Goizeko bortzetan interesgarriarekin. Zati instrumental guztiak biziki gozatu nituen, ikuslegoak bezala, nahiz eta ez nengoen oso ziur abestiak ezagutzen zituen ala ez. Errespetu handiz entzun zuten kontzertu osoa, baina lekuagatik edo, apur bat, nola esan, ba horixe: era pasibo edo errespetuzkoan nabaritu nituen. Dena den, gozamena askotan barrenean bizitzen dela argi dago. Gainera, 100 pertsona baino gehiago bildu ginen han, eta antolatzaileek (Uhagon kulturgunekoek) gehiago espero zuten arren, zifra oso errespetagarria iruditu zitzaidan. Areto askotako ikuslegoa ikusi besterik ez dago.

Itoitz, guztiok ezagutzen dugun urtegiaren gainean Olatzen konposatutako abestia, Benito Lertxundiren zuzeneko diskoan (40 urtez ikasten egonak) ezagutu genuen lehen aldikoz. Hemen Olatzen estiloa % 100ean nabari dezakegu. Benetan hunkigarriak dira teklak eta ahots leun eta zoragarri hori. Beste sorpresa bat jarraian: Uhats taldearen Sorginkerian galdu. Jatorriz herrikoia den arren, hitzak Olatzenak dira, eta musika berak moldatua. Uhats Intza Unanueren (Benitorekin zuzenean abesten duen Orioko neskaren) taldea da, eta 2014an argitaratu zuten diskoan grabatu zuten. Abesti jostagarria da, erritmo bizikoa eta, batez ere, eskusoinu apartarentzat urrezko momentuak dauzkana. Musikari hain gazte hauen teknikak eta sentimenduak harritzen nau: Julen Alonso (eskusoinua, teklatuak), Ander Ederra (gitarra akustikoa, elektrikoa, bouzukia), Joanes Ederra (baxua) eta David Gorospe (bateria) musikari bikainak dira, zailduak eta serioak. Etorkizun bikaina daukate aurretik.

Bizitzaren baitatik, atabal kolpe eta erritmorik gehiena duena seguru aski, disko berritik jo zuten azkena izan zen. Bizirik gaudelako, Orioko ikastolari eskainia, Intza Unanuek abesten du, baita Benito Lertxundiren kontzertuetan ere. Brendan Grahamen musika eta Olatzen letra dauka, eta benetan zirraragarria da. Oraingoan Olatzek abestu zuen, noski. Eta azken agurrean, lehen diskoari izena ematen zion Kantu baten bila nabil, disko hartatik jo zuen bakarra izan zen. Eta hor genuen, Olatz bera maniurarekin, duela 25 urte bezala, soinu magiko hori lantzen. Atabalak atzetik, eta maniuraren erakargarritasun totala, guztiaren gainetik.

Horrela joan zitzaizkigun 20 abestiak eta kontzertuak iraun zuen ordu eta erdi pasatxoa. Olatz Zugastik ausardia handiaz aurrera pausua egin du. Benitorekin arrakasta bermatua izatetik, eta, noski, Benitoren banda utzi gabe, bakarkako emanaldietara jauzi egitean. Pertsonalki oso motza egin zitzaidan, eta disko berriari garrantzia handia ematea espero nuen arren (bat izan ezik guztiak jo zituen), gehien harritu ninduena Gau hotzenean ere disko zoragarritik bakar bat ere jo ez izana da. Bizirik gaudelako jo zuela egia da, baina hura ez zen espresuki disko hartarako grabatua izan. Dena den, esperientzia aparta izan zen; eta, bestalde, errepikatzeko zaila, eliza batean izan baitzen. Dena den, baliteke aurrerantzean errepertorioan sorpresa gehiago egotea. Birak nola funtzionatzen duen ikusi behar.
bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.