entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Gorka Erostarbe 2006-02-08

MIKEL LABOA Txoriak, omenduak eta beste zenbait adiskide (2006ko elkarrizketa)

Mikel Laboa Mikel Laboa

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Diskoaren aurkezpen egunean, iazko azaroaren azken egunean, hartu gintuen, Bilboko Carlton hotelean. Egun hartan eskaini zituen eskaini beharreko elkarrizketa guztiak, edo gehientsuenak behintzat. Jakin bagenekien ez dela elkarrizketak egin zalea, eta jakin bagenekien nekaturik egongo zela gure txanda heltzerako. Horregatik, eta artista miretsiei erantsi ohi diegun mitifikazio tantak eragin ohi digun urduritasunaren ondorioz, zuhur hurbildu gintzaizkion, ia uzkur. Baina, aldarte onean hartu gintuen Mikel Laboak (Donostia, 1934). Goxo eta umoretsu.


Hiru zati nagusi ditu Xoriek (Elkar), Laboaren azken diskoak. Batean, Bernardo Atxagak egindako proposamena aintzat hartuz, eta diskoari izenburua emanez, txoriak ditu kantu-objektu eta arrazoi nagusi. Beste batean, In Memoriam atalean, bere ibilbidean eragin izan dioten artistak omendu nahi izan ditu: James Joyce, Billie Holiday, Atahualpa Yupanqui, Jacques Brell, Jexux Artze, Vicente Ameztoy... Hirugarrenean, lau kantu solte dakartza, Atxaga, Sarrionandia eta Bretchen testuetan oinarrituak. Egitura bertsuari heldu diogu geuk ere elkarrizketa egiteko, diskotik abiaturik, honetaz eta hartaz hitz egin eta Laboaren barne txoriak askatzeko asmoz.



Txoriak

Lagun eta bide-lagun dituzu txoriak aspalditxotik. Zergatik?

Ez dakit ba Zuberoako kantagintzan, esaterako, asko erabiltzen da txoria sinbolo bezala. Eta, bestetik, guztiok txikitatik,nola edo hala, hartu-emana izan dugu txoriekin. Txoriak toki guztietatik sartzen dira, eta alaitasun bat ematen digute udaberria hasten denean-eta. Badira oso musikari onak, txorien mundua ederki islatu dutenak. Esaterako, Olivier Messiaen (1908-1992) konpositore frantsesa. Oso musikari ona izan zen. Musika garaikidea egiten zuen eta gainera ornitologoa zen. Asko maite zituen txoriak. Esan nahi dut, musikagintzan ere badela txoriekiko harremana, halako mundu berezi bat sortzen duena. Atxagak esan zidanean interesgarria izan zitekeela txorien inguruan zerbait egitea, oso ideia polita iruditu zitzaidan.

Kalean edo mendian zoazela, asko begiratzen al diezu txoriei ?

Begiratzen diet bai. Baina, batez ere entzun egiten ditut. Kantatu egiten dute eta ni ere kantaria naiz... eta oso soinu polit eta desberdinak ateratzen dituzte. Diskoan ere entzun litezke benetako txorien soinuak, Xoxo beltza kantuan. Gehiago ere sartu nahi genituen baina ez zegoen tokirik eta...

Atxagak dio Mikel Laboa harrapatzeko kaiola bat sortu duela, baina hegan ihes egin diola. Gustuko duzu hegan ihes egitea?

Askotan ibiltzen naiz bakarrik. Hegan... agian ez, zaila da eta. Maite dut batzuetan bakarrik ibiltzea, baina baita lagunekin ere. Bakarrik ibiltzea gaztetatik dut gustukoa. Garai batzuk izan nituen bakar-bakarrik ibiltzen nintzela, baina ez derrigorrez, baizik eta gustuz. Akaso arraroa izango naiz (kar, kar, kar) ...

Txori izatea amestu duzu inoiz?

Ez, halakorik ez. Hegan egiten dudala amestu dut inoiz. Hori denok egiten dugu ezta?

Bada beste euskal kantari bat ere, abesti askotan txoriei aipamen egiten diena: Anari. Sarri aipatu izan zaitu hark erreferentzi bezala. Atera berri duen lanean ere agertzen dira txoriak.

Bere kontzertuetara joan izan naiz. Azken lana ez dut entzun oraindik egia esan elkarrizketa egin genionean. Eta txoriak agertzen dira bere kantuetan eh? Ze kuriosoa. Ez nekien hori. Gustura erosiko dut diskoa.



In memoriam

Eragin diguten artistak, edota edozein pertsona, ahaztea erru handia litzateke, ezta?

Aspaldidanik esan izan dut hiru maisu ditudala. Atahualpa Yupanqui, Violeta Parra eta George Brassens. Akaso, beraien musikak ez du zerikusirik nik egiten dudanarekin, baina bai markatu dutela nire jarduna. Esaterako Yupanqui eta Parra ibili ziren kantu zaharrak jasotzen, eta ni ere saiatu naiz horretan. Baztanera askotan joaten naiz, eta handik kantu zaharrak jaso izan ditut gero nik abesteko. Diskoan Atahualpa Yupanquiren Piedra y camino kantua abesten dut. Brassensen kanturik ez dut inoiz abestu. Brassens hain da berezia, ona, hobe dela ez ukitzea.

Zerk erakartzen zaitu James Joycengandik? Zertan eragin zaitu?

Joycek Ulises idatzi zuen. Hiru aldiz hasi naiz liburu hori irakurtzen, baina ez dut bukatzen (kar, kar, kar ...). Baina, asmoa daukat berriro hartu eta bukatzeko. Joycek harreman berezia zuen Irlandarekin eta irlandarrekin. Gorroto zituen, baina maite zituen. Irlandatik kanpora irten zen, Italia, Frantzia, Suitzara... eta Ulises kanpoan idatzi zuen, baina Ulises dena da Irlandari buruz. Eta nabaritzen da Irlanda maite duela. Orain hiru bat urte Alasdair Fraser biolin jole irlandarra ezagutu nuen. Berari gustatzen zitzaion Txoria-Txori kantua. Berak bertsio bat egin zuen, eta nik kantatzen nuen. Grabatu egin zuen, eta behin esan zidan Glasgowra joateko jaialdi batera. Kantu bategatik Glasgowra joan behar ote nuen galdetu nion... baina azkenean jendeak animatu ninduen joateko eta halaxe egin nuen. Azken diskoan ageri den Txoriak-txori grabatu genuenean hasi ginen zerbait inprobisatzen eta hortik atera zen James Joyceren omenezko kantua, inprobisaziotik.

Eta Billie Holidayk?

Asko entzun izan dut eta entzuten dut. Asko maite dut bere ahotsa, bere kantatzeko modua. Bere bizitza ezagutu dut biografien bidez. Goizetan, gosaltzeko garaian, ia egunero jartzen genuen Billie Holiday bolada batean. Nik banuen egina musika bat, baina ez nekien oso ondo zer zen, jazza-edo. Iaki Salvadorrek esan zidan ematen zuela Alemanian bi gerren artean egiten zen musika, esaterako Kurt Weillek egiten zuenaren tankerakoa. Weillek Bertold Brechtekin lan egin izan zuen. Musika hori nuen eta Hollidayri eskaini nion.

Eta Jaques Brelek ?

Ni gaixo egon nintzen ohean urtebete, eta telebista jarri zidaten logelan. Telebistatik askotan ikusten nuen Jacques Brell gaztea, nabarmentzen ari zenean. Bere kantuek, garaiko Frantziako musikak bezala, asko eragin zidaten. Oso gustukoa nuen Ne me quitte pas. Horregatik sartu dut abesti hori.

Eta Jexux Artze, Vicente Ameztoy eta Agustin Salinasek?

Hiru adiskide handi. Artze oso laguna nuen, eta minbiziarekin hil zen duela hiru bat urte. Vicente Ameztoy ere oso laguna nuen, elkarrekin egoten ginen asko. Agustin Salinas bilbotarra ere oso maitea nuen. Hirurak garai bertsuan hil ziren eta zor nien eskaintza hau.

Vincent Van Gogh eta Franz Kafka ere aipatzen dituzu omenduen artean. Musikariak, pintoreak, idazleak... Nahiz eta zu musikaria izan, beste arte adierazpideek ere eragin izan dizute?

Bai, hala da. 60ko hamarkadan kultur leherketa bat izan zen Euskal Herrian. Jorge Oteiza zen motorea, baina hor ziren Ez Dok Amairu, Jarrai taldea... Une hartan eskultoreak zeuden Oteiza, Txillida, Mendiburu... Artista oso interesgarriak zeuden, eta eragin zidaten, eta orduz geroztik ere eragin didate beste alorretako artistek.

Hilda dauden beste zenbait artista ere omendu izan dituzu beste disko batzuetan, Mugak kantuan Camaron eta John Cage kasu. Inor gelditzen al zaizu omentzeko?

Bai, posible da. Jende asko omen liteke. Baina, kasu honetan In Memoriam egin ditut, hilda dauden artistak omendu ditut. Bob Dylan asko maite dut, baina bizi da, kar, kar, kar... Ezin egin beraz.



Gustuko poetak eta beste zenbait lagun

Txoriak bezainbat maite duzu Bertold Bretch. Disko honetan ere Langile baten galderak liburu baten aurrean berreskuratu duzu.

Bretch betidanik egin zait deigarria. Hain poesia sinplea ematen du bereak, eta zein gauza garrantzitsuak esaten dituen, eta zein ondo gainera. Langile baten galderak liburu baten aurrean deitzen dena, adibidez, duela urte asko grabatu nuen. Uste nuen ja ez zeukala gaurkotasunik, baina konturatu naiz egun ere zentzu handia duela. Aldatu dira gauzak, baina zentzua izaten jarraitzen du. Egun, esplotazioak jarraitzen duela, beste modu batean akaso, baina badago. 13-14 urteko haurrak ez dakit zenbat orduz izaten dituzten lanean...

Atxaga eta Sarrionandia ere ezinbesteko bidaide bilakatu zaizkizu...

Hasieran gehiago jotzen nuen Artze eta hauengana, baina gero pasa nintzen Atxaga eta Sarrionandiarengana. Poeta handiak dira guztiak, eta oso gustukoak ditut haien hitzak.

Beste poetarik musikatzeko asmorik ba al duzu?

Momentuz ez dut horrelakorik buruan. Poesia asko irakurtzen dut, baina momentuz ez dut pentsaturik beste inor musikatzea.

Zuk zeuk inoiz ez duzu letrarik idatzi. Asmorik ere ez?

Ez, ez naiz inoiz idaztera animatuko. Neuk erdi asmaturiko hizkuntza hori erabiltzen dut hainbat kantutan, baina bestelakorik ez.

Beti gustatu izan zaizu belaunaldi ezberdinetako artista eta musikariekin harremana izatea. Zu baino artista gazteago ugarik parte hartu du disko honetan. Deigarria da Lisab taldearekin egindako lankidetza Orduan kantuan.

Lisab taldea bi aldiz entzuna nuen zuzenean, eta oso talde interesgarria iruditzen zitzaidan, eta kantu horretan pentsatzen nuen ondo gera zitekeela Lisabren soinua, eta oso gustura gelditu naiz. Abestiak indar berezia hartzen duela uste dut. Posible den heinean saiatzen naiz talde gazteak jarraitzen.

Euskal Herriko musikari eta talde ugarik zaitu erreferentziatzat, eta zure kantu ugari bertsionatu dituzte. Zer sentitzen duzu?

Niretzako pozgarria da. Etorkizuna gazteen esku dago, eta nik egindakoak zerbait esaten badie, edo zerbaiterako baliagarri bazaie, ba pozgarria da, dudarik gabe.

Tradizioa eta modernitatea beti joan dira eskutik helduta zure kantugintzan. Tradiziorik gabe zaila litzateke modernitatera heltzera ezta?

Ez Dok Amairun hasi ginenean gure nahia zen tradizioa ezagutu eta aurrera joatea. Beti oinarri bat izan behar da aurrera egiteko, eta oinarri hori tradizioak eman dezake. Eta ez da gure kontua soilik. Picassok asko maite zituen Afrikako pinturak. Aurrera egin behar da, hori bai, aurrez egindakoa kopiatzeak ez du zentzu handirik, baina oinarri hori izatea oso inportantea da horretarako.

Herri tradizioak, abangoardiak, jazzak, esperimentazioak, poesiak... guzti horrek lekua du zure musikagintzan. Guzti hori biltzeko Mikel Laboak begiak eta belarriak beti zabalik eta erne al ditu?

Nik ez dut apropos egiten horrela. Ni hasten naiz kantuak egiten, eta niri gustatzen bazait aurrera egiten dut. Aurren-aurrena niri gustatu behar baitzait. Horrela izanez gero, kantua osatuz doa, eta azkenean nire memorian geratzen da.

Hainbeste urtetan musikaren munduan ibili eta gero, gelditzen al zaizu ezer egiteko? Eta musikak ba al du ezer zuri eskaintzeko oraindik?

Bai, bai geratzen zait. Orain lasai samar nago diskoa aterata, baina badut zuzenean eskaintzeko asmoa. Beti izan naiz geldo samarra, gauzak lasai egiten ditut, baina badut asmoa kontzertuak emateko. Eta horrez gain, Lekeitioak saileko kantuak bi diskotan ateratzeko asmoa ere badut.

Diskoan, liburuxkaren azken orrialdean Oteizarekin ageri zara argazki batean. Bere letrarik ez dago, ezta bere omenezko kanturik, baina bere izpiritua beti al dago zure dis- koetan?

Bai, bai eta pena da bera ez egotea gurekin diskoa entzun ahal izateko. Nik nahi nuke bere iritzia jakitea. Ez dakit, akaso bidaliko ninduen antzarrak perratzera, jenioa zuen-eta kar, kar Baina, maite ninduen. Pentsatzen dut zerbait gustatuko litzaiokeela. Liburuxkako argazkian agertzen da Gernika zuzenean 2 diskoa begiratzen. Pena ematen dit gurekin ez egoteak diskoa entzun ahal izateko.

Eta, gehienetan bezala, azala Zumetak egin dizu. Oso fidela zara Zumetarekiko?

Bai, eta bera nirekiko. Dudarik gabe. Nik bakarrik esaten diot: Aizu, beste disko bat egitera noa... Ez diot gehiago esaten. Maketa bat pasatzen diot eta berak egiten du nahi duena. Eta biok konforme.



2006, OTSAILA MARTXOA
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.