entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Myriam Garzia 2011-08-04

CAPSULA, zilarrezko zaldiak

Capsula, hiruko boteretsua. Capsula, hiruko boteretsua.

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Lotura erlazionatuak
In the Land of Silver Souls (Bcore, 2011) dugu talde argentinar-bilbotarraren azken lana. Psikodeliatik gertu, ez diote muzin egiten rock and rollaren alde ilunari, garajeari edo rock progresiboari. Eraldaketa eszenatokiaren gainean ematen da, Martin (gitarra eta ahotsa), Coni (baxua eta ahotsa) eta Ignazio (bateria) sokak eta partxeak astintzen hasten direnean. Austineko (AEB) SXSW jaialditik etorri berriak erantzun dituzte gure galderak, oraindik urduri bertan izandako harrera onagatik eta disko berria besapean dakartela.
Lan hau 2010ren zehar grabatu dute Kataluniako Ultramarinos/Costa Brava estudioetan, Santi Garciaren eskutik, eta Bilboko beraien estudioan (Silver Sounds studio); nahasketak eta ekoizpena John Agnellok egin du Headgear estudioetan (Brooklyn, AEB) eta, masterizazioa John Goldenek egin du, Californiako Golden estudioetan. Hona Coni Duchessek kontatu diguna.


Zer moduz Austinen? Laugarren aldia da SXSW jaialdira gonbidatzen zaituztela, kontzertuetara erakartzen duzuen ikusleria gero eta handiagoa delarik. Gero eta Capsula adikzio handiagoa han zehar ere...
Bai, dagoeneko laugarren aldia da jaialdi horretara gonbidatzen gaituztela, eta bosgarrena AEBetatik bira egiten dugula. AEB oso handia da eta zonaldeka bira desberdinak egiten ibili gara, hala ere, oraindik geratzen zaizkigu hainbat leku bisitatzeko. Hori bai, kontzertuak, prentsa aipamenak eta bertako irratiek eman diguten bultzadagatik, handitzen doa taldea ezagutzen duen eta kontzertuetara etortzen den jende kopurua. Urrian, mendebaldeko kostaldetik ibili ginen, Seattleraino, erdialdeko eta ekialdeko kostaldeko beste hiri batzuen artean. Aurreko hilean, Austinen... ikaragarria izan zen, jende pilo kontzertuetan eta David Fricke (Rolling Stones aldizkaria) etorri zen berriro ere gure kontzertua ikustera. Fox Newsen ere gomendatu zuten taldea. Sinestezina!


Asko mugitzen zarete nazioartean. Zergatik? Zein esperientzia ematen dizu horrek?
Errepideagatik pasio handia daukagu, eta gure ustez musika taldeek, behintzat gure kasuan, kontzertu bakoitzean hazteko eta handitzeko aukera daukate. Etxetik, Bilbotik urrun jotzeak eta biratzeak esperientzia handia ematen dizu. Herrialde desberdinetako publikoarekin kontaktua oso desberdina izan behar dela dirudi, baina azkenean, erreakzioak oso antzekoak dira. Katarsis eta energia indartsu baten sentimendua kontzertu gehienetan ematen da.


Nola definituko zenuke zuen azken lana, In the Land of Silver Souls (Bcore, 2011)?
Errepidean eman dugun azken urteko esperientziak biltzen dituen lana da, soinu aldetik intentsua da eta hitzen aldetik zerbait onirikoa iradokitzen du. Xarma onirikoa izan arren, taldeak zuzenekoetan transmititzen duen energia oso ondo islatzen du. Honen erantzulea John Agnello da, berak egin ditu nahasketak eta diskoaren ekoizpena. Cadizeko (Espania) Monkey Week jaialdian ikusi gintuen eta taldearekin engantxatuta geratu zen. Bere lana zuzenekoetan dugun psikodelia basatia islatzea izan zen. Bestetik, San Feliuko Santi Garciaren grabazioak zerikusi handia izan du honekin, atal erritmiko sendoa lortu genuen, zinta analogikoak soilik eman dezakeena.


2010an zehar leku desberdinetan grabatu eta nahastu duzue, lan konplexua dirudi...
Lehen aipatu dudan moduan, erdia San Feliun eta beste erdian Bilboko gure estudioan grabatu dugu, nahasketak eta azken ekoizpena Brooklynen eta Kalifornian egin ditugularik. Garrantzitsuena zera da, dream team bat izan dela, lan talde oso bat diskoari faszinazio kopuru zehatza emateko prest. Beldurrik gabe. Denok egin ditugu ekarpenak. Lan berezia izan da, non diskoarekin maiteminduta egon den jende askok parte hartu duen, jakinda itxi gabe zegoela, hasiera besterik ez zela. Azalean agertzen diren aurpegiak bezala, begirada zuriaz, liluratuta eta faszinatuta ikusten dutenarekin.


Wild Fascination abestiak zabaltzen du diskoa, zein da Capsularen faszinazio basatia?
Asko dira, gure taldeak agerian uzten ditu gure obsesio eta faszinazioak. Hemen ez da ezer ezkutatzen. Gure izaera zabaltzea soinuen bidez eta gure musika tresnetatik pasatzen den soinuen bidez, gu geu izatea eta jendearen hezurretara heltzea bilatzen dugu.


Psikodeliatik gertu, Into my skull abestian ia rock progresibora hurbiltzen zarete...
Bai, hirukote bat izateko ez dago batere txarto! Karkar. Hiru baino ez izaterakoan, gustuko dugu gure baliabide guztiak ustiatzea, eta barruan daukagun onena ematea abesti bakoitzean. Disko konplexua da, testura asko ditu, baina arretaz entzuten baduzu abesti bakoitzean soilik entzungo duzu gitarra bat, baxua, bateria eta ahotsak.


Gazteleraz, ez ezik euskaraz abesten zenuten garaiak igaro dira betiko?
Epe desberdinetatik igarotzen goaz, ez dugu norabide jakin bat, gure instintuak agintzen duena baino. Hitzak, edozein hizkuntzatan, harrapatu eta lotzen ditugun soinuak dira. Bai ingelesez, zein gazteleraz edota euskaraz, ahotsarekin interpretatzen duzun zerbait da, baina garrantzitsuena berezko doinua izatea da, horretara jotzen dugu.


Zure ahotsak presentzia handiagoa du disko honetan. Egia esan, eskertzekoa da emakumezko baten ahotsa hainbeste psikodeliaren artean...
Mila esker. Disko bakoitza osotasun bat dela uste dugu, bakoitzak leku desberdinetatik igaro behar du, ahotsak sartu eta irten behar dira era desberdin batez, batzuetan gertukoak dira eta zuzenago hitz egiten dizute, beste batzuetan ahots espazialagoak dira, batzuetan denboran bidaiatzen dira... horretan saiatzen gara.


Bcore-rekin grabatzen duzuen bigarren luzea da, pozik zaudete beraiekin?
Oso pozik gaude Bcorerekin, bere katalogoa harrigarria da eta ospe handiko zigilua izateaz gain, giza mailan kalitate handiko pertsonak dira. Zigilu berean ezaugarri horiek biltzea handia da.
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.