entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Myriam Garzia 2008-09-09

CAPSULA Etxerako bide luze eta bakartia


Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Lotura erlazionatuak
Zazpi urte eta gero Capsula etxera itzuli da. Esan nahi dut, Bilbon aspalditik kokatutako talde argentinarrak bira egin duela Argentina eta Txile inguruan. Eta han etxera itzultzen den semea bezala hartu dituzte, nahiz eta bilbotar talde peto petoa izango balitz aurkeztu. Izan ere, hala da. Zazpi urte Argentinako lurra zapaldu gabe, batez ere Europa izan dute eszenatoki Capsulakoek, eta kanpora gehien ateratzen den euskal taldeetako bat dugu.

Rock and rollak gidaturiko trena aspaldi hartu zuten eta talde bilbotar honen jarrera besterik ez da ikusi behar. Bazen etxera itzultzeko garaia eta beraien ahotik entzun dugu bertan, Argentinan eta Txilen, egun dagoen giro musikala.


Argentinarrak izanda, AEBetako rock and rollaren eragin handiagoa duzue?

Ez pentsa. Guk nahiago dugu rock and roll ingelesa, baina azken hau ere AEBetako rock and rollean dago sustraiturik. 70.hamarkadako musika da gure eraginik handiena, proto-punk, edo 77ko punk eztandaren aurreko garaietakoa. Television, Velvet Underground, Jimmi Hendrix edo Ramones taldeak entzuten genituen. Baita ere, 80.hamarkadan Argentinan egondako eztanda musikalaren eragina daukagu, Sumo bezalako taldeena.


Hala ere, lehen gazteleraz abesten zenuten, orain berriz ingelesez, zergatik aldaketa hori?

Bai, lehen gu ginen gazteleraz abesten zuten bakanetakoak eta orain, denek gazteleraz abesten dutela, guk ingelesez abesten dugu (kar kar kar). Rock and rollaren sustraietara egindako bira da, honen hizkuntza naturalera. Bestetik, asko ateratzen gara Europatik, eta ez du zentzu askorik Frantzian, Erresuma Batuan edo Alemanian gazteleraz abesteak. Kanpora ateratzerakoan konturatzen zara horretaz. Aurreko urtean 70 kontzertutik gora eman ditugu, gehienak Europan barrena.


Aurten, berriz, Hego Amerikan egon zarete. Nolakoa izan da etxerako buelta hori zazpi urte eta gero?

Aurten, bitan egon gara Hego Amerikan. Lehenengo maiatzean eta berriro ere azaroa-abenduan. Uruguay, Txile eta Argentinan egon gara. Bigarren aldi honetan askoz ere hobe. Txilen bertan Earthdance jaialdian egon gara eta 15.000 pertsonen aurrean jo dugu. Ondo da! Argentinan berriz, Niceto aretoan jo dugu, garrantzitsuenetako bat. Irrati desberdinetan ere izan gara akustikoak ematen. Sei hilabetetan berriro bueltatu behar izan gara aurretiaz egindako kontaktuei esker.


Capsularen lagun asko egongo dira han, ezta?

Bai, eta lagun ditugun musika talde asko ere. Hala ere, Txilera heldu berriak ginela, urreratu ziren lehenengo lagunak bilbotarrak ziren


Eta Capsularen ikuslegoa berdintsua da han eta hemen?

Antzekoak dira. Nahiko nahasia da gure ikuslegoa, ez da rock klasikoa edo indie-a soilik entzutera datorren jendea. Zabalagoa da. Hori da gure asmoa Amerikara itzultzerakoan, ikusleria handitzea. Martxoan adibidez, AEBetako jaialdi batera gonbidatu gaituzte eta han izango gara ere. Han gaudela Mexiko aldera ere jaistea nahi dugu. Frantzia, Norbegia, Irlanda eta Erresuma Batuan joko dugu ere. Datak zehaztuta daude.


Nolakoa da giroa?

Lehen aipatutako jaialdian, Jamboreen egon ginen, Txileko hegoaldean. Ingurua izugarria da! Jaialdi erraldoi bat non kanpatzeko aukera zegoen, hemengo beste batzuk bezalakoa. Guk Rolling Stones eszenatokian jo genuen eta azkenak izan ginen gainera. Egia esan, Txileko giro musikalak asko harritu gaitu, oso maila ona dago. Talde pilo dago gauza interesgarriak egiten, agian Argentinan baino gehiago. Buenos Airesen giroa asko epeldu da, ez dago ia lekurik jotzeko duela urte batzuk areto handi batean gertatuko sute baten ondorioz. Askoz ere mugatuagoa dago kontua, baina hala ere, bada giro musikalik.


Disko berriarekin lanean ari zarete dagoeneko, nolakoa izango da?

Ari gara bai. Gure estudioan grabatuko dugu, betiko lez, baina oraingoan baliabide eta esperientzia gehiagorekin. Madrilgo Liliput zigiluarekin kaleratuko dugu, Songs and Circuits azken diskoarekin pozik geratu ziren eta. Askoz jota apirilerako nahi dugu egotea kalean. 20tik gora abesti ditugu dagoeneko maketetan grabatuta. Aurreko diskoarekin asko mugitu gara eta abestiok bere bidea egin dute zuzenekoetan. Disko berriarekin antzeko zerbait egin eta zuzenekoetan dugun soinua islatu nahi dugu.


2008KO OTSAILA
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.