Negar egiteko, sentimendu ezkutuak azalerazteko, bakoitzak bere bitxikeriak izan ohi ditu. Askok telebistan botatzen duten filmekin hasten dira negarrez gelditu gabe (La Orejarrak), beste batzuk txima luzedun punteoekin (Maidendarrak) eta beste batzuk malenkonia sorrarazten duen rock musika astun eta sendoekin. Hauei (ni barne) mogwaitarrak deituko diegu.
Eskoziar talde honen azken diskoak, bere moduan, bide berriak irekitzen ditu. Betiko joan-etorriak badaude, lasaitasuna eta soinu eztandak, beti bezala gure gorputzeko ileak tente jartzeko modukoak. Baina orain, abesti lasaiek pop osagarri liluragarria daukate. Hau da aurrera jotzea: Bere bideari distira atera, eta soinuak xarma bihurtzea. Jo, berriz negarrez hasi naiz...