Bost urte joan dira Pello Reparaz buru duen Zetak taldeak bidea hasi zuenetik. Urteurren borobila jarraitzaileekin ospatu nahi dute musikariek eta, horretarako, kontzertu-ikuskizun handia prestatzen ari dira, “taldeak inoiz izan duen mugarririk garrantzitsuena”, euren hitzetan. ‘Mitoaroa’ izena jarri diote.
2025eko urtarrilaren 4rako hitzordua jarri diete zaleei. Zuzenekoa Nafarroa Arenan izango da eta sarrerak ekainaren 4an jarriko dituzte salgai 34,5 euroren truke.
Bost urte hauetako kantarik gogoangarrienak ekarriko dituztela espero daiteke, eta aurreratu dute Erramun Martikorena alboan izango dutela kontzertuan. Berritasun nagusia, baina, eszenaratzea izango da.
Aurrerapen-spotean ikus daitekeen moduan, nafar eta euskal mitologiak presentzia nabarmena izango dute taularatze horretan. Hala, Unanuko mamuxarroak, Lantzeko Ihauteria, Kukai dantza taldea, Iturengo joaldunak, Tuterako zipoteroak, Altsasuko momotxorroak, Zubietako joaldunak eta Arbizuko txatarrak Nafarroa Arenan ariko direla baieztatu du Reparazek prentsaurrean.