Danbaka Musika Lehiaketaren VI.edizioa aurkeztu eta parte hartzeko epea zabaldu dute. Gutxienez kide bat Debagoienan erroldatuta duten musika taldeei zuzendutako ekimena da eta guztira hamaseik parte hartu ahal izango dute, edozein estilo eta formatutan arituta ere. Horietatik hamabost epaimahaiak hautatuko ditu, eta hamaseigarrena publikoak.
Lau kanporaketa saio egingo dituzte urriaren 25ean, azaroaren 9an eta 13an, eta abenduaren 13an, hurrenez hurren. Kontzertu guztiak Bergarako Seminarixoan izango dira, ostiralez, 21:30etatik aurrera. Final handia ere leku eta ordu berean jokatuko dute, urtarrilaren 17an.
Irabazlearen saria, ekonomikoa ez ezik, disko bat grabatzea izango da. Bigarrenak eta Publikoaren Saria jasotzen duenak, aldiz, bideoklipa grabatu ahal izango dute. Azkenik, Danbaka-Ekinez sariak 2025eko Ekinez Jaialdian izateko aukera emango dio irabazleari.