Hatortxu Rock elkartasun Jaialdiak berriki iragarri zuen 29. eta 30. edizioak azkenak izango zirela. Atarrabian izango da lehena: 2024ko abenduaren 28an. Lakuntzan bigarrena eta akabera: 2025eko uztailaren 24tik 27ra bitarte.
Atarrabiako oholtzan zuzenean ariko diren zenbait talderen izenak iragarri dituzte orain: Tatxers, Su Ta Gar, Sofokaos, Lendakaris Muertos, Unidad Alavesa, Arene 6, Kop, Les Testarudes, Roba Estesa, Goxua ‘N Salsa, Apotheke eta TOC.
“Kartelaren zati garrantzitsu bat” jakinarazi dute, baina ohartarazi dute datozen asteetan bakarlari eta talde gehiago batuko direla.
Azken aurreko hitzordu horretarako sarrerak eskura daitezke 25 eurotan. Eta zita bikoitzerako 300 bono ere jarri zituzten salgai 105 eurotan.