Euskal Kultur Erakundeak, Atabal aretoak, Kulturaz Kultur Kooperatibak eta Musika Bulegoak antolatzen duten Iparhots egonaldi artistikoaren programan parte hartzeko aukeratu dute Baionako RTZ kolektiboa.
Egonaldiak bi eguneko lan saioak aurreikusten ditu: urriaren 26an eta 27an Azpeitiako Dinamoa sormen gunean izango dira. Eta urriaren 28an eta 29an Biarritzeko Atabal aretora mugituko dira.
RTZ kolektiboa 2021ean Baionako Zizpa gaztetxean sortu zen rap taldea da. Eskoletan, elkarteetan eta San Espiritu auzoan rap tailerrak emanez hasi ziren, baina berehala ekin zioten jendaurrean eta eszena gainean beren lana erakusteari. Une honetan Konkista EP-a borobiltzen ari dira.
Iparhots elkarlana iaz antolatu zuten lehen aldiz, eta Ekhi Lambertek burutu zuen egonaldia.