Musikaren, dantzaren, literaturaren, gastronomiaren eta naturaren arteko elkatrukea proposatzen du Naturaren Doinuak festibalak. Ekainaren 7an, 8an eta 9an, ostiraletik igandera, egingo dute Alkizan.
Aurten, izen bana jarri diete 3 egunei, bakoitzak modu bateko edo besteko proposamen kulturala dakarrelako. Ekainaren 7a Doinuak Desio eguna izango da; ekainaren 8a Doinuak Gazte; eta ekainaren 9a Naturaren Doinuak Eguna.
Musika eskaintzari dagokionez, ostiralean, 18:30ean, Aria musika taldeak kontzertua emango du Larunbatean, 17:45ean, Arrixku taldea ariko da zuzenean. Eta igandean, 12:30ean, Postal Kolekzionistak taldearen txanda izango da.
Ekainaren 9an izango da, bestalde, Naturaren Doinuak emanaldi nagusia, musika, dantza eta literatura nahastuz. Iñigo Asensio, Esanezin, Aitor Furundarena, Aitor Zabala, Jabi Luengo, TAG ahots taldea eta Martin Kortaberria dira parte hartuko duten musikarietako batzuk.
2021ean sortu zen Naturaren Doinuak proiektua, Shabani Aranzabelen ekimenez eta harek gainditu zuen minbizi-prozesuan naturak eta musikak izan zuten paper sendatzailearen harira.