Hendaiako Guitaralde jaialdiaren XII. edizioa izango da aurtengoa. Festibala gaur (uztailak 5) hasiko da ‘Paco de Lucía, légende du flamenco’ dokumentalaren proiekzioarekin; 18:30ean. Segidan, 19:30ean, Pablo Arrietak eta Jean Marie Ekaik emango dute 2023 honetako programaren lehendabiziko kontzertua. Nire Gitartxoari izeneko diskoa aurkeztuko dute, Bernardo Atxagaren hitzak dakartzen kantak konposatu dituzte aurrenekoz elkarrekin.
Ostegunean (uztailak 6), Kubako musika izango da protagonista. Duo Jade taldeak irekiko du eguneko programazioa; gitarra bakarra eta bi ahots: anaysa Prieto eta Maigret Bourricaudy. Egun berean baina iluntzean, 21:30etatik aurrera, Patrick Manouguianek, Alyscek eta Moh Kouyatek joko dute zuzenean.
Ostiralean, aldiz, Maite Larburu igoko da oholtzara 21:00etan. Ander Zulaika bateria eta perkusio jotzailea eta Carlos Taroncher klarinete eta baxu jotzailea izango ditu alboan. Eta haien ondotik, aurtengo karteleko izen handietako bat ariko da 22:30ean: Robben Ford. Honnet anaiekin batera jazz doinuak joko ditu.
Zuzeneko emanaldiez gain, Moh Kouyateren masterclassa ere badakartza aurtengo egitarauak. Ostiralean egingo ditu, bi: 11:00etan, eta 15:00etan.