Errenteriako Landarbaso abesbatza Asiaako Grand Prix Finalean nor baino nor arituko da mundu mailako abesbatza onenekin. Errenteriarrek Bali International Choir Festival txapelketa irabazi zuten, eta hain justu horrela lortu zuten Asia Gran Prixen finalerako txartela.
Nazioarteko lehiaketa horren bigarren edizioa izango da aurtengoa, eta Balin lehiatuko dute, uztailaren 25ean, Balai Budaya ‘Giri nata Mandala’ gunean. Nagusituz gero, kontinente arteko Grand Prix bat irabazten duen historiako lehen euskal abesbatza izango da Landarbaso.
Ez da lan erraza izango, ordea. Errenteriakoek Filipinetako Bosco Makati-Boscorale eta Far Eastern University abesbatzak, Indonesiako PSM Swara Wadhana abesbatza, Taiwango Tamkang Fluxingers eta Malaysiako Men's Chorus izango dituzte lehiakide.
Landarbasoko 38 abeslari eta Iñaki Tolaretxipi zuzendaria igoko dira oholtzara, eta kantatuko dituzten piezen artean, harribitxi bat azpimarratu dute: Jekabs Jancevskis konpositore letoniar gazteak idatzitako Atsalums.
Bide batez, eta Balin baita ere, nazioarteko bigarren lehiaketa batean ere parte hartuko dute Landarbasokoek: Indonesia Choir Festival. Folklorea, abesbatza mistoak eta erlijio musika deritzon kategoriatan lehiatuko dira.