Euskal Herriko Musika Bulegoak 2024ko sariak banatu ditu, orain arteko 8. edizioa. Ekitaldia Iruñeko Zentral Aretoan izan da, maiatzaren 15ean eta, orotara, 11 garaikur banatu dituzte.
Horietako zortzi epaimahaiak ebatzi ditu eta, 120 proposamen aztertu ostean, inongo bereizketarik edo kategorizaziorik gabe banatu dituzte. Hala, Bas(h)oan, BilbaoSinfonietta, Ibil Bedi, Izaro, Janus Lester, Rüdiger, Zetak eta Maite Arroitajauregi ‘Mursego’-k eta Arantza Callejak konposatu zuten Irati filmaren soinu-banda saritu dituzte.
Bi errekonozimendu berezi ere egin dituzte. Batetik, Etxepare Institutuaren Saria aitortu diote Euskal Barrokensembleri, euskal musika nazioartekoratzeko egindako ahaleginagatik. Eta, bestetik, “ibilbideagatik eta euskal musikari egindako ekarpenagatik” Gor Diskak etxea saritu du EHMB-k Ohorezko garaikurrarekin.
Hamaikagarren garaikurra eta aurtengo berritasuna gainera, Publikoaren Saria izan da. Musikazaleek 50 finalistaren artean gustukuenaren alde bozkatzeko aukera izan dute eta ESAS elkarteak jaso du babes handiena.
Ainhoa Vitoriak eta Julen Telleriak gidatu dute gala eta, aurreko ekitaldietan ez bezala, aurten zuzeneko emanaldi batek borobildu du hitzordua: Janus Lester zuzenean aritu zen Zentralen.