Gasteizko Galtzagorri blusa eta neska kuadrilla Galtzagorri Rock Festival jaialdia antolatzen ari da datorren uztailaren 29rako. Laugarren edizio honetan, hasierako helburuarekin leial segituko dute: Gasteizko eszena suspertzea eta doako musika eskaintzea.
Hitzordua Urban Rock Concept aretoan izango da, eta 19:30ean zabalduko dituzte ateak. Bertako hiru taldek osatuko dute aurtengo kartela, gustu guztiak asetzeko modukoa.
Paraside hard-rock boskote gaztea izango da lehena. Aritz Martinez (ahotsa), Aritz Yarza (gitarra), Aitor Delgado (baxua), Iñigo Martínez (gitarra) eta Oier Pérez de Urrutia (bateria) dira, 2021ean egin zuten debuta eta iaz Gasteizko Gazte Talent lehiaketaren finalera iritsi ziren.
Demonio de Niño ariko dira segidan. Betiko rocka, rock-punka, egiten duen laukotea da, 2011-ko Azkena Rock jaialdiaren testuinguruan sortua.
Azkenik, T-TreintayCuatro taldea: José María Ruiz de Azúa (bateria), Fulgen Zarza (baxua), Ion Ruiz (gitarra), Alberto Hernando (ahotsa) eta Luis Romero (gitarra). 2021ean, pandemia betean, Reignición EPa grabatu zuten Railway Records estudioan. Diskoak 5 pieza biltzen ditu, tartean Zorrostiaga Saloon-en berrikuspen bat.