Izan Iñurri elkartea Iñurri Eguna antolatzen ari da datorren irailaren 7rako. Minbizien arloan diharduen elkarteak 5 urte bete ditu eta dagoeneko 10.000 lagun saretzea lortu du gaitzari buruzko ikuspegi anitza eta feminista zabaltzeko eta, batez ere, 'Hil arte bizi' lelopean elkar lagundu eta babesteko.
Orain arteko ibilbidea ospatzera dator Iñurri Eguna. Usurbilen egingo dute eta, iragarri dutenez, monologoak, yoga-saioak eta artisau-tailerrak ez ezik, zuzeneko musika ere egitarauaren parte garrantzitsu izango da.
Pixkana-pixkanaka ari dira izenak iragartzen eta, momentuz, Elektropottotte elektrotxaranga, Idoia Asurmendi, Eñaut Elorrieta eta Rukula taldeak zuzenean ariko direla baieztatu dute.
17:30ean hasiko dira Elektropottotteko neskak arratsaldea girotzen.
Gero, 18:00tan hasita, Idoia Asurmendi kantautore aramaiotarrak, ordu eta erdi inguruko emanaldian, ‘Ilun eta abar’ eta ‘De amar y desandar’ diskoetako zenbait kanta jo eta abestuko ditu, formatu akustikoan.
19:00tan Eñaut Elorrietak hartuko dio lekukoa eta, honek ere, gitarra lagun izango du bere ibilbideko kantak Iñurri Egunera ekartzeko.
Eta 20:00tan Rukula taldearen rock instrumentala izango da entzungai. 2014an hasi zirenetik, hiru disko kaleratu dituzte eta berri-berriena aurten aurkeztu dute: ‘Traganarru’.