Urteetan zehar besteren proiektuetan lanean ibili ostean, pausoa eman du eta, lehenengo aldiz, bere kantak disko batean jaso ditu Gorka Gaztanbide musikari iruindarrak.
Bateria-jolea izan arren, baxua eta pianoa ere jotzen ditu, eta beti gustatu izan omen zaio abestea. 50 urte beteta, bere uztako hamar abesti gustukoenak hartu eta estudio batean grabatzea erabaki du.
Beste abentura batzuetan bidaide izan dituen lagunak izan ditu orain ere alboan. David Burguiren gitarrak, Kike Arzaren baxuak, Ramon Garciaren pianoak eta Gaztanbideren ahotsak eta bateriak osatu dute oinarrizko laukotea. Gainera, abesti batzuetan Haizea Gaztanbide ilobak egin ditu koruak eta Alberto Arteta eta Raul Arizaleta izan ditu kide, lehena saxo tenorrean eta bigarrena gitarran.
Diskoari ‘Gorka Gaztanbide & Txikizio Kuadrilla’ izena jarri dio, 1960 eta 1970eko AEBetako The Wrecking Crew taldearen omenez.