Zortzigarren urtez, Glad Is The Day musika jaialdia egingo dute Donostian. Abuztuaren 4an izango da, ohi bezala, Gladisenea parkean (Cristinaenea izendegi ofizialean). Egia Kultur Etxeak (Donostia Kultura), Dabadabak eta Le Bukowskyk elkarlanean abiatu zuten ekimen hau 2016ko Europako Kultur Hiriburutzaren abagunean eta, euren hitzetan, helburua beti izan da parkea jaialdiaren protagonista bihurtzea, ez alderantziz. Izan ere, Guardia Zibilak hil zuen Gladys del Estal militante ekologistaren memoria musikaren bitartez berreskuratzea da xedea.
Abuztuaren 4rako egun osoko programazioa prestatu dute. 15 talde eta artista igoko dira oholtzara. Kontzertuak, DJen saioak, piknikak, azoka bat eta haurrentzako jarduerak izango dira 12:00etan hasi eta 21:00etara bitarte.
Bezperan (abuztuak 3), bestalde, Gladis Aperitifa egingo dute, arratsaldeko 19:00etan: Musikagela zerbitzuko talde bat arituko da Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren kanpoaldeko Nestor Basterretxea plazan.
Abuztuaren 4an rap, hitzordu nagusian, reggae, pop, punk eta rock estiloak joko dituzten taldeak igoko dira agertoki nagusira: La Ola Maldita (surf-rock), Alcala Norteren (post-punk), Erromintxelak (swing), La Txama (soinu eklektikoak), Magia Bruta, Ibil Bedi eta Silverio mexikarra.
Hondamen Sonikoa gunean, berriz, trapak, hip-hopak eta soinu urbanoek izango dute tartea: Makeda (Dj), 1111 (Live), Alai (Live), Sara Goxua (Dj), Kalipotxo (Live), Sixsex (Live), Alta (Dj) eta Sofy Suars (Dj).
Gaua luzatu nahi dutenentzat, Le Bukowski eta Dabadaban Dj gehiago egongo dira.