Datorren abuztuaren 27an, goizeko 11:30ean hasi eta iluntzeko 20:30ak bitarte, musikak Donostiako Egia auzoko berdegunea beteko du. Gladis Enea edo Cristina Enea parkeak 16 kontzertu hartuko ditu eta, horrez gain, DJ saioak, piknikak eta 50 postutik gora izango dituen artisau azoka ere izango dira aukeran.
Glad is The Day jaialdiaren izenak Gladis del Estal ekintzaile dakar gogora, Guardia Zibilak 1979an Tuteran hil zuen egiar ekologista. Festibalaren 7. edizioa izango da aurtengoa.
Zuzeneko emanaldiak doakoak izango dira, eta bi agertokitan gertatuko dira. Eszenatoki nagusian, sei taldek aurkeztuko dituzte beren proposamenak: La Ola Maldita donostiarren surf rocka, Kulto Kultibo irundarren rap-reggaea, Nakar-en postpunk elektronikoa, Las Ligas Menores argentinarren pop indiea, Tito Ramirezen doinu beroak eta Señor Noren punk-rocka.
Bigarren agertoki bat ere izango da, Hondamen Sonikoa, hip-hop doinuei eta soinu urbanoei zuzendua. Suso (Dj), Euskoprincess (Live), Alai (Live), Yxeb3000 (Dj), Kievra (Live), Mutiko, Denso & Tatta (Live), Gazzi (Dj) eta Yugen Kala (Djak) ariko dira bertan.