Errobiko Festibalaren 27. edizioa abiatu dute eta, uztailaren 23ra bitarte, lau egunez, musikak, dantzak eta bestelako arte-topaketek beteko dituzte Itsasu herriko bazterrak.
Orkestra Osa leloa darama aurtengo ekitaldiak, eta ikuskizunetan publikoak ere parte-hartze aktiboa izan dezan nahi dutela aurreratu dute antolatzaileek.
Zuzeneko musika emanaldiak Atharriko oihal-etxean izango dira, eta Red Desert Orchestra, Dje Baleti & La Vespa Cougourdon, Thomas Baudoin, Hors Serie, Etenesh Wassie Trio, Kimilia Kantari eta Reder Nouhaj dira kontzertua emango duten artistetako batzuk.
Emanaldiak ez ezik, musika hizpide hartuta, mahai-inguruak ere izango dira. Zehazki, ostiralean eta larunbatean. 15:00etan hasiko dira Zabaloan.
Jaialdiari amaiera emateko, gainera, ibilaldi artistiko bat antolatu dute iganderako, 11:00etan. Itsasuko amildegietara autoz joango dira, herriko haurtzaindegitik abiatuta, baina bertan zer egingo duten oraindik ez dute aurreratu, inprobisazioan oinarrituko dutelako.
Egitarau zehatza errobikofestibala.net webgunean kontsulta daiteke.