Anje Duhaldek eta Mixel Ducauk ekainaren 21ean jaso zuten aurtengo Donostiako Adarra Saria. Victoria Eugenia Antzokiko oholtzan jaso zuten garaikurra. Duhaldek eta Ducauk gidatu zuten Errobi laukotea aitzindariak izan ziren rock progresiboa eta psikodelia euskal musikara ekartzen, 70eko hamarkadan.
'Aitarik ez dut', 'Zuretzat', 'Telebista'… moduko abestiek belaunaldien arteko jauzia gainditu dute, hilezkorrak dira eta, horregatik, Donostiako Udaleko Kultura Sailak aitorturiko errekonozimenduaren testuinguru honetan, Elkar argitaletxeak Errobi taldearen lana ekarri du berriz ere.
1975 eta 1985 bitarteko diskografia birmasterizatu dute, 5 CD orotara, eta kaxa berezi batean bilduta merkaturatu dute. Eskuragarri dago jada argitaletxearen katalogoan, eta online eros daiteke.