Beietz! 2018an Arbizun (Nafarroan) sortutako taldea da. Zazpikoteak ilusio handiz jaso du egokitu zaion erronka: Euskal Herriko toki guztiak zeltik-parrandaz bete. Bibolin, txirula eta trikitixak sortutako melodia zelta itsaskor eta biziek osatzen dute Beietz!en bizkar hezurra. Horri rock, punk, ska edo folka gehituz dator Beietz!en zeltik-parranda.
Hitzetan, poesia iradokitzaileak, leun bezain zorrotzak, gure munduari begiratzen diotenak, eta sarritan bi aldiz irakurri beharrekoak. Beietz!-eko kideak Skalariak (Peio eta Hiart) eta The Trikiteens (Josetxo) taldeetatik datoz. Taldea osatzen dute: Hiart ahotsean, Amaia bibolinarekin, Maider whistlea jotzen, trikitixan Josetxo. Oihan kitarrarekin, Martin baxua jotzen eta Peio bateria astintzen ikusiko dituzu.