Getxo Folk nazioarteko jaialdiak lau hamarkadako ibilbidea beteko du aurten, eta egitarau borobila iragarri dute. Irailaren 11tik 15era bitarte izango da eta, musikari dagokionez, 13 emanaldi dakartza kartelak.
Ohi bezala, bertako eta atzerriko artistak ariko dira hiru agertokitan. Muxikebarrik ordainezko kontzertuak hartuko ditu (20:00) artista nagusien eskutik; Areetako Geltokia plazan goizeko (13:00) eta arratsaldeko (18:00 eta 19:30) saioak izango dira; eta, Ereagako hondartzara eramango dituzte gazteentzako kontzertuak ostiral eta larunbatean (22:00).
Izen esanguratsuenetako bat: Buika abeslari ekuatoginear-espainiarra. Milladoiro talde galizarra ere ariko da, eta baita Esne Beltza (irailak 14, Ereaga hondartza) ere, bere behin betiko eta azken biraren baitan.
Hilaren 15ean, bestalde, 40. Urteurrena dela-eta, Getxo Folk 40 izeneko ikuskizuna taularatuko dute. Juantxo Zeberio musikari eta konposatzaileak euskal folkaren iragana, oraina eta geroa ardatz hartuta ikuskizun berezia prestatu du eta, horretarako, Maddi Oihenart, Olaia Inziarte, Agus Barandiaran (Korrontzi), Juan Mari Beltran, Leturia eta Verde Prato batuko ditu.