entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


Hemen zaude -> Artikuluak / Iritzia
| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Iritzia

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
2014-03-06

Sagardantza Haien gauzak, gure gauzak

Mojo Workin' jaialdiaren inguruko gogoeta

Gure Gauza elkarteak antolatzen du Mojo Workin' jaialdia irabazi asmorik gabe. Gure Gauza elkarteak antolatzen du Mojo Workin' jaialdia irabazi asmorik gabe.
Gure Gauza kolektiboak antolatzen du Mojo Workin' jaialdia. Baina ez da promotora bat, irabazi asmorik gabeko kultur-elkarte bat baizik. Jokinek eta Arkaitzek hilabete luzeak daramatzate lanean euren heroi musikalak Donostiara ekartzeko. Hori dute sari bakarra, musika beltzaren legenda hauek zuzenean ikustea eta haiekin egotea, eta noski, euren pasioa beste zaleekin konpartitzea. Zaletasun kontua da, ez dira antolatzaile profesionalak. Hau argitzea inportantea da, jaialdi honen filosofia ulertzeko. Eta horregatik hain zuzen ere, oso gogorra egin zaie kontratuak sinatu eta hegazkin txartelak erosi ondoren, Gino Washington, Owen Gray eta Sugar Pie Desanto artistek kale egitea. Jaialdia hasi aurretik, 5.000 eurotik gora galdu dute. Ilusioak eta zaletasunak mugitzen dituen Jokin eta Arkaitzentzat jipoi ederra izan da, labankada itxusia izan ez den kasuetan (ze, denetarik egon da lagunok).
Hori dela eta, Arkaitz etsitu batek aurtengoa azken Mojo Workin' izanen zela iragarri zuen duela egun batzuk sare sozialetan. Lur jota zegoen Sugar Pie Desanto trenetik jaitsi zenean.
Guztiz ulergarria.

Baina beren txikitasunean, oso urrun heldu dira Jokin eta Arkaitz. Bai eta lortu ere duela bost urte ezin imajina zezaketena. Horregatik, honaino iritsita, pena handia litzateke gorantzko bidea hartu duen hitzordu hau desagertuko balitz.
Estatu Batuetatik heldutako 70 urtetik gorako artista hauek (museoko piezak esango dute askok, baina oholtza gainera gaztetasunaren elixirra edan izan balute bezala ateratzen direnak) ikustea egi bihurtutako ametsa da antolatzaile bientzako eta zale fidel askorentzako. Une honetan, tamalez, ur beroa bezala lurruntzeko arriskuan dagoen ametsa.
Ikusiko da gastu guztiei aurre egiteko beste ateratzen duten Gure Gauzako mutilek bosgarren edizio honetan eta dena ongi ateraz gero, amesten jarraitu nahi duten (buruko min hauek asko erretzen dutela gauza jakina baita). Hala espero dugu, zirkuitu komertzialetatik at antolatzen den edozein kultur ekimen desagertzen denean denok galtzen dugulako.
Haien gauzak, gure gauzak direlako ere, nik ez dut esnatu nahi.

bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.