Biniloaren aurretik, saiakera asko egin ziren soinua grabatzeko eta
euskarri geroz eta hobeak egiteko. Hala, 1877an Thomas Edisonek ahots
soinu batzuk grabatu zituen telegrafo mota berri batekin esperimentatzen
ziharduela. Latorri xafla bat telegrafoaren orratzaren azpitik pasa
zenean lortu zuen ulergaitza zen soinu hura jasotzea. Urte amaieran
soinua grabatu eta erreproduzitu zezakeen lehendabiziko tramankulua
sortu zuen: fonografoa.
1887an Edisonek bere asmakizuna gaurkotu eta hobetu zuen zilindro bat
eta bateria erabiliz. Horrela, eskuz biratu ordez, bateriari esker
jiratzen zuen. Urtebete beranduago, baina, Emile Berliner alemaniar
emigranteak Gramoponoa asmatu zuen. Zazpi hazbeteko diskoak
erreproduzitzen zituen eta 30 b/m jiratzen zuen. Bi minutuko grabazioak
entzun zitezkeen.
Columbia Phonograph Company enpresa izan zen fonografoak merkaturatzen
hasi zen lehenetarikoa, baina ez zuen arrakasta askorik lortu. Egoera
horrek Jukebox famatuen sorrera ahalbidetu zuen, aurreneko makinak
nahikoa kaskarrak izan arren.
1901ean 78 b/m diskoak sortzen dira. Diskoa zilindroari gailentzen zaio,
soinu kalitate hobea duelako. Era berean, Victrola izeneko
soinu-erreproduzitzailea merkatuko onena bilakatu zen.
1925ean diskoaren krisi garaia suertatzen da eta xedea diskoaren soinua
hobetzea zen. Urte horretan Bell konpainiak elektronikoki grabaturiko
lehen diskoa egin zuen. Soinu ortofoniko horrek aukera berriak
eskaintzen zizkion industriari eta Victor enpresak diskoak fabrikatzeko
makina abiatu zuen. Ondorioz, disko industriak gora egin zuen aurreko
krisia gaindituz. Bi urte beranduago Jukebox-ak zabaldu ziren eta 1928an
RCA konpainiak Victor erosi zuen.
1930ean Bing Crosbyk bere lehendabiziko bakarkako diskoa grabatu zuen, I
remember Dear. Urtebete geroago Edison zendu zen eta 1934an Wurlitzer
enpresak kantu anitz aukeratzeko Jukeboxak egin zituen. 1939an zinta
magnetikoa asmatu zen eta lakazko diskoek, laster, lehiakide berria
ezagutuko zuten: biniloa.