Historikoak diren bi gertaera izango dira: alde batetik, Pantxoa eta Peio kantariak elkarrekin kantuan ikusteko azken aukeretako bat izango da, datorren urtetik aurrera, iada, ez baitira batera arituko. Modu honetara, 60. hamarkadaren amaieran hasitako ibilbide luze bezain emankorrari amaiera emango diote.
Galdu ezin daitekeen bigarren gertaera Errobi taldea mitikoaren presentzia da. Talde honek kantaldiari urrezko brotxea jarriko dio. Anje Duhaldek eta Mixel Ducauk sortutako taldeak euskarazko rockaren lehen harria jarri zuen 70eko hamarkadaren erdialdean. Taldeak luze iraun ez zuen arren, arrasto sakona utzi zuen. 80 urtetik aurrera aktibitateari utzi zioten talde gisa, nahiz eta 85ean azken diskoa plazaratu zuten eta baita emanaldi gutxi batzuk eskaini ere. Beraz, kasik duela 30 urte banandu zen talde historiko honen berragerpena albiste ona da euskal musika zaleentzat.