CLEM SNIDE+ANDREW BIRD Hemen ditugu, azkenean. New Yorketik datozkigu Clem Snide bandakoak, Buddy Hollyren (bere tolesgabetasuna galdu gabe "and roll" atzizkia onartzen zuen rock garaikoa) eta Chet Bakerren arteko nahasketa ezin fidelagoa diren horiek. Banda honen musikan aldi berean atzemango ditugu ordu txikiko jazza, garaiko popa eta country jatorrenaren ibilera bakartia (ez da harritzekoa, Eef Barzelay liderrari antzematen zaizkion mamu erromantikoaren sustraiak eta Hank Williamsen "indie" aztarnak ikusita). Soft Spot" aurkeztuko dute Donostian, iraupen luzeko hirugarren lana. Abestiak entzutean, irudimenera etorriko zaigu Wilco sinadura izan zezakeen balizko diskoa, 1996an Ritchie Valensen bertsio lasaiak eskatu izan balizkiete. Bandaren beste diskoak dira You Were A Diamond" (1997), "Your Favourite Music" (2000), "The Ghost Of Fashion" (2001) eta, azkenik, 2003an argitaratu zuten elepe bat, non Christia Aguileraren bertsio berezkoa egitera ausartzen diren. Kontzertuaren lehen zatian, Chicagoko abeslari eta biolinista Andrew Bird arituko da.