entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Kronika Zuzenak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Sagardantza 2016ko urtarrilak 30

Zentral aretoa (Iruñea) Akatz + Iseo&Dodosound

Akatz taldeak kontzertu bikaina eman zuen Iruñean. Argazkia: Entzun! Akatz taldeak kontzertu bikaina eman zuen Iruñean. Argazkia: Entzun!
Tira. Inongo kronikarik idazteko intentziorik gabe joan ginen Akatz eta Iseo&Dodosound taldeen kontzertua ikustera Iruñeko Zentral aretora. Bertan ikusi genuenak lerro batzuk merezi dituelakoan, kronikatxo labur bat idaztera animatu gara.


Iseo eta Dodosound bikotea (The Mousehunters haize sekzioak lagunduta) oholtza gainean zegoen jada Zentralera sartu ginenean. Dub eraginpeko oinarriak jaurikitzen zituen eszenatokiaren ezker aldetik Dodosound-ek, eta Iseok bere ahots gozoaz jantzi erdi aldean. Eskuniean berriz, The Mousehunters-ek multzoa borobiltzen zuten, bikain. Ikusi genuenaren arabera, Cat Platoon diskoa (2015) izan zen beren emanaldiaren ardatza: giro atmosferikoak, Bristol soinuaren arrastoak... Memoriz ari gara, baina esango genuke Freedom, Fresh Air, Falling Asleep... jo zituztela, bai eta beren single berria, School Blues, ere. Bukaerarako, Cat Platoon kantu bizia utzi zuten, jendea mugiarazi zuena: "We wanna take the city!"
Soinu inguratzailea eta "good vibrations" barreiatu zituzten aretoan zehar. Iseoren ahotsa bikaina da, afinatua eta erakargarria, harribitxia, adi gero.

Zentral aretoa ez ze goraino bete, baina publiko kopuru polita erakarri zuen egitarauak. Akatz bilbotarren tenorea heldu zen. "Bilboko rudoak". Lehen aldiz jotzen zuten Iruñean. Lehen aldiz taldea sortu zenetik 24 urte pasa badira ere. Datu esanguratsua. Horregatik hitzorduak bazuen zerbait berezitik. Unai Quecedo 'Bita'-k hala adierazi zigun han bildutako ikusleoi.
Baina has gaitezen hasieratik, Fiesta del 73 doinuarekin abiatu zuten emanaldia. Hortaz, euren azken diskoko 'hit'-a hasieran "erre" zuten, fuerte hasi nahi zutenaren seinale.
Egungo Euskal Herriko ska talderik onena da Akatz duda izpirik gabe. Eta hala erakutsi zuten oholtza gainean: kristoren soinua, indartsua eta bikain borobildua. Banda olioztatua da Akatz, eta bere abeslaria tipo sinpatikoa ez ezik –jario ederrekoa–, bizi-poza, edo halako zerbait, ikusleari trasmititzen badaki... Parentesi bat irekiko dugu hemen, izan ere, Bitak hitzaldi bat eman baitzuen arratsaldean Katakrak-en Atlantiko Beltza ikastaroaren baitan. Zaragozatik jotzetik zetozen gainera, hortaz neka eginda egon arren, emanaldi ederra eskaini zuten bizkaitarrek Zentralen.
Publikoak noski, taldearen jarrera eskertu zuen, eta sekulako dantzalekua bilakatu zen aretoa. Akatzen Vuelta y vuelta azken diskoan oinarritu zen errepertorioa: Salda beroa, Hijoputa con Swing, Skandalo, Joaquín Murrieta... Bukaerarako bi bertsio utzi zituzten. Erratzen ez bagara, Alton Ellis-en Dance Crasher, Aguafiestas bezala ber-bataiatua eta Lord Tanamoren I'm in the Mood for ska, Predispuesto a Ska izenburupean aurkeztu zutena. Hau idazten ari denarentzako une oso berezia izan zen, izan ere Jamaikako ska zaharraren kantu gogokoenetako bat baita I'm in the Mood for Ska.
Ordea, ez zen festa hemen bukatu. Bis gehiago egon ziren, Iseo eszenatokira igo zen, eta rapero bat ere (ez dakit bere izena), behean jendea dantza zoroan murgilduta zegoen bitartean...
Tardatu dute bilbotarrek Iruñera etortzen, baina bistan da, itxaronaldia merezi izan du.

Eta kontzertuaren ondotik festak Nebula tabernan jarraitu zuen, baina hori, lagunok, beste baterako utziko dugu...
bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.