entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Kronika Zuzenak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Myriam Garzia 15/5/21 - 15/5/22

Anari vs. Nick Cave

Nick Cave Madrilen. Argazkia: Myriam Garzia. Nick Cave Madrilen. Argazkia: Myriam Garzia.

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Aurrekoan, akorde minorretan eta erdi tenpoetan maisu eta jabe diren bi abeslari eta sortzaile ikusteko parada izan nuen, bata bestearen jarraian, bi eguneko tartean. Maiatzaren 21ean, Anarik Bilboko Kafe Antzokian disko berria aurkeztu zuen ("Beti da berezia disko berri baten lehen aurkezpen kontzertua", Anariren hitzetan). Hurrengo egunean, Madrilera jo nuen Nick Cave handia ikustera, leporaino betetako Palacio de Congresos aretoan.

Batzuek pentsatuko duzue zirkuko labanen jaurtitzailearen dianan jarri nintzela boluntario. Hala da, aitortzen dut, oraindik senti ditzaket eskubiko bihotzean ziztadak (Anari), zuhaitzek sutan (Cave) dirauten bitartean. Esan beharra dago, bata eta bestearen musika eskola ez dela bera, Anarik ezin du ukatu euskal musika garaikidearen eragina (Laboa edota Ordorikarena) eta Cavek musika amerikarra du oinarrian (otoitzen antzeko gospelak, country, blues edota rock klasikotik post-rockera doan bide luzea).

  • Anari, leku bat - 15/5/21 Kafe Antzokia (Bilbo)
Eneko Moby Dick-ek ondo berotu zuen giroa. Bilboko musikariak gitarraren laguntza soilarekin jo zuen, intimo edota amorruz, zurrumurruetan ala ozen esan behar diren gauzen artean dauden nabardura guztiekin (eta garaikidetasuna aipatu dugula, Laboaren Martxa baten lehen notak jo zuen). Enekok publikoaren harrera ona jaso zuen, eta horrek iragarri zuen zer nolakoa izan zitekeen gau horretako kontzertu nagusia. Anarik asko ematen baitio Bilbori, eta alderantziz.

Anarik disko berria osorik eta dagokion ordenean jo zuela esatea, gutxi esatea da. Zure aurrekari penalak (Bidehuts) diskoan parte hartu duten musikariekin aritu zen azkoitiarra. Javi Manterolak (Lisab) ia kontzertu osoa eman zuen eszenatokiaren gainean. Eta, askotan, hiru gitarra batera jotzen izan ziren, Javi Manterola, Anari eta Borja Iglesiasenak. Ager Insunza (Audience), Ander Mujika (Napoka Iria) eta Eneko Moby Dick ere eszenatokian agertu ziren, disko berriko ordenean.
Kontzertu lasaia izango zela pentsatzen zutenak oker zeuden. Armagatzea abestiari heldu ziotenean, kontzertuari azken txanpa emateko, une gorena heldu zen. Gitarren distortsioak eta bolumenak bete zuen aretoa, eta une batez zerua bera gainean eroriko zitzaigula pentsatu genuen. Bisetarako utzi zituen Anarik biziraupen luzeko klasikoak, Naufragoak, Aingura hegodunak eta Harriak, Miren Narbaiza (Napoka Iria) elkartu zitzaiola. Apoteosikoa!

  • Nick Cave - 15/5/22 Palacio de Congresos (Madril)
Apoteosikoa izan zen baita ere Nick Cave-n Madrilgo kontzertua. Campo de las Naciones-erako bidean, metroan ez zegoen galtzerik, beltzez jantzitako prozesioari jarraitzea baino ez zegoen. Publikoak dena eman zuen. Eta Nick Cavek berak txantxak egin zituen garrasika eskatzen zioten abestien gainean: "Abesti hori ez da oso ona, ez da oso Cave".
Nick Cave and the Bad Seeds taldearen, Push the Sky Way azken diskoa zabaltzen duen We No Who U R abestiak ireki zuen kontzertua, txalo zaparrada, garrasi eta txistuak eragin zuena. Hirugarren abestirako, publikoak eserlekuak utzi eta asko hurbildu zen eszenatoki parera, butaka patio osoa altsaraziz.
Azken diskoko abestiak The Bad Seeds taldearekin jo zituen Cavek, baina abesti zaharrak ere tartekatu zituen. Gainera, kantu asko eta asko, berak bakarrik jo zituen, eszenatoki erdian paratuta zegoen koladun pianoaren laguntzaz (The Ship Song, Into My Arms, Black Hair edo The Mercy Seat). Une gorenak izan zituen kontzertuak: Cavek berak eszenatokia utzi eta laugarren lerroko eserleku baten gainean abestu zuenekoa adibidez, argazkiak ateratzen zioten bitartean eta ukitzen zuen jendeaz inguraturik.

Anari eta Cave ez dira bakarrik akorde minorretan maisu, edota erdi tenpoak intentsitate handiko uneak bilakatzen maisu. Cavek eta Anarik hitzen sakontasuna eta poetikotasuna dute komunean; labana jaurtitzaile trebeak dira biak

Anari eta Cave ez dira bakarrik akorde minorretan maisu, edota erdi tenpoak intentsitate handiko uneak bilakatzen maisu. Cavek eta Anarik hitzen sakontasuna eta poetikotasuna dute komunean; labana jaurtitzaile trebeak dira biak. Eta, biak gutxietsi dute literatura eta poemaren balioa, abestiarena hobetsiz, kantuaren aldeko kantua. Nick Cavek, Warracknabeal (Australia) herrixkako literatura irakaslea zen bere aitaren kontra jotzearren egin zuen musikaren aldeko hautua eta literaturarena baztertu, dagoeneko hainbat poema liburu eta eleberri bat idatzi dituen arren.
Bestalde, Anarik berak esanda, despoetizatu behar izan ditu bere hitzak azken disko honetan, bere penak arindu eta bere buruari barre egin nahi izan dio. Baina, abestiaren aldaketak edota kanbioak ematen die askotan hitzoi benetako esanahia eta dimentsioa, gure gogoan betirako iltzaturik utziz.
bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.