Barakaldokoek disko sendoa argitaratu zuten iaz, Healing souls, pitzadurarik gabeko oinarri erritmikoa eta nerbio aski duena. R&B zuria eta melodia popzaleagoen arteko eremu batean mugitzen dira, XX. mendeko 60. hamarkadari so beti ere (soinuari eta estetikari dagokienean). Taldeak estudioan lortu duen soinua primerakoa da eta gitarren ehundura bikaina. Lehen diskoan (Ten blue pills) lortu zuten emaitza ona erraz gainditzen dute bigarren honetan. Konposatzeko abilezia ere ez zaie falta eta Anak ongi kantatzen du. Balantzaren alderdi negatiboan ordea, abestien gehiegizko iraupena jarriko dugu, egiten duten musika estiloari hobe datozkiolako, oro har, minutaje laburragoko abestiak.