entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


Hemen zaude -> Kritikak / Diskoak
| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Diskoak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Antton Iturbe 2007

Dig!!! Lazarus Dig!!! Nick Cave & The Bad Seeds

Rock CD
Zein mesedegarria izan da Nick Caverentzat iaz Grinderman izenpean plazaratutako oinarrizko disko zuzen, zikin eta zoragarri hura! Bad Seeds-en muineko hezurduraz baliaturik (Warren Ellis, Martyn Casey, Jim Sclavunos) eta gitarra elektrikoa esku artean harturik rock biluzi, supiztaile eta zikinez beteriko sorpresa atsegina izan zen hura. Baina adi, Grinderman denborapasa dibertigarri eta iragankor bat baino askoz gehiago bilakatu da azkenean. Nick Cave eroso sentitu da azal berri honen pean, sortzeko aske eta inspirazioz betea. Grinderman-en pozoia Bad Seeds talde osoari hedatu eta disko berriaren grabaketa kutsatzen utzi du eta hona hemen emaitza: Dig!!! Lazarus Dig!!!, australiarraren estudioko hamalaugarren lana.
Grinderman-en birusa jota talde osoaren musikak askotan adierazgarri izan duen erromantizismo handi, barroko eta ia epiko horren zama alde batera utzi eta lur lokaztua berriz ere ukituz arin, bihurri, geldiezin, aurrerakoi eta ia-ia sasi-funk ukitu batez dantzagarri!!! bihurtu da.
Hori gutxi balitz, beste elementu garrantzitsu bat aipatu nahi nuke diskoaren soinua deskribatzeko garaian: Warren Ellis-ekin batera Nick-ek azkenaldi honetan argitaratu dituen soinu bandak (The Proposition, The Assassination of Jesse James...), hain zuzen ere. Ahotsik gabe, talde-abesti estruktura jakinetatik aldenduta, minimalismo eta abstrakzioaren alorretan saiatutako doinu eder eta berri horiek indar berriak eman dizkiotela dirudi.
Konposizioetan parte handirik hartzen ez badu ere, inspirazioan, soinuaren ariman, zuzendaritzan Warren Ellisek duen eragina ezinbestekoa iruditzen zait. Garai batean Blixa Bargeld-engan aurkitu zuen zutabea, Warrenengan aurkitu du orain Nick-ek eta bere eraginak disko osoa kutsatzen du.

Honen ondorioz Bad Seeds indarberrituak aurkitzen ditugu disko osoan zehar, bai Grinderman moduko doinuei jarraipena ematerakoan (Dig, lazarus, dig), ohiko doinuei elementu berritzaileak gehitzerakoan (Lie Down Here), soinu banden lirismoa ekartzerakoan (Jesus Of The Moon) edo erabateko bide berriak jorratzerakoan (More News From Nowhere, diskoko kantu pop eta arinena). Orokorrean eta kasurik gehienetan freskotasun eta trebezia handiaz ituaren erdi erdian asmatzen dutela iruditzen zait.
Blixak garrantzi handia zuen Bad Seeds-en soinuan eta zuzendaritza lanak hartzen zituen askotan. 2003an taldetik banatzean umezurtz utzi zuen Nick. Horren ondoren ateratako Abattoir Blues diskoan soinu eta pertsonalitate berri baten bila hamaika gauza saiatu, baina ez zuen erabat asmatu, Blixaren eragin ezkutua handiegia zen oraindik. Oraingo honetan, nire ustez alemaniarraren falta erabat gainditu eta Bad Seeds berri eta zirraragarri batzuk aurkeztu dizkigu. Garbi dago diskoa ez dela jarraitzaile guztien gustukoa izango, baina hainbeste urteren ondoren honelako arriskuak hartzea oso eskertzekoa dela iruditzen zait eta emaitzak horren onak direnean, gehiago gainera.
bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.