Berako talde gazte honek autoekoiztutako disko homonimoa argitaratu zuen joan den udazkenean, post-rock soinuen inguruan koka dezakegun kanta sorta interesgarria. Maskarak kantuak geldotasunean ekiten dio soinuari, gero bat batean armoniak diskordantziaz hausteko ahots garrasilariaren babesean, abestiaren erdian gitarra batek melodia zentzu bat erdiesten duela; Bide Luzetik-en aipagarriak dira zaraten arteko isiltasunak eta, nabariki, bateriaren perkusio jolasti eta erakargarria; Agorturik, segur aski hobekien konposatutako kanta, baxu eta gitarra ukitu ederrez hasten da, pixkanaka melodiak bilatzeko eta, batik bat, loop erritmo errepikakor baina berritzaileak eskaintzen dizkigu. Disko sendoa Borrokanena, apur bat esperimentatzailea eta zabaltzen dituzten hitzak bezain hertsia, oraindik guztiz asetzeko zubi osoagoak eraikitzear dauden ideiez zirriborratua.